Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Garitano: 'Bizikidetzari buruzko Biltzarra publizitate kanpaina da'

Gipuzkoako ahaldun nagusiak "indar politiko guztien arteko elkarrizketa" babestu du, euskal gatazkari behin betiko konponbidea emateko.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Radio Euskadin elkarrizketatu dute. Argazkia: EITB
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Radio Euskadin elkarrizketatu dute. Argazkia: EITB
Bazterketarik gabeko elkarrizketaren alde egin du Garitanok

00:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ez du uste Eusko Jaurlaritzak antolatu duen Oroimenari eta Bizikidetzari buruzko Biltzarra "pausu positiboa" dela. "Hemen alderdi politiko guztiak elkartu behar gara, guztion artean hitz egiteko, ez dakit ze herrialdetako jendea ekarri beharrean eta hemengoak baztertu beharrean; publizitate kanpainak egin ahal ditugu, baina hori ez da aurrera egitea", azpimarratu du.

Bestalde, begi onez hartu du nazioarteko ikuskariak Euskal Herrian egiten ari diren lana. "Paper garrantzitsua izan dute, prestigio nahikoa dute eta laguntzeko borondatea dutela erakutsi dute", adierazi du. Nolanahi ere, ikuskariekin biltzea aurreikusita ez duela ere zehaztu du.

D3M eta Askatasunaren aurka Auzitegi Nazionalean gaur hasi den epaiketari dagokionez, "ikuspuntu politiko batetik begiratuta lotsagarria" dela eta egun bizi dugun egoerarekin bat ez datorrela kritikatu du.

Espainiako Gobernuak ETAko presoak gizarteratzeko aurkeztu duen plana, berriz, zaharra dela esan du. "Gauzak serio egin behar dira, etorkizunari begira jartzeko, eta horretarako euskal presoek eta haien senideek bizi dituzten eskubide urraketak amaitu behar dira", adierazi du. Bestalde, Legebiltzarreko Bizikidetza eta Bakerako Lantaldean parte hartzeko asmorik ez duela iragarri du eta Bilduri bere ekarpenak idatziz egiteko eskatu izana serioa ez dela iritzi dio. Nolanahi ere, egunak aurrera doazen heinean, bake-prozesua gero eta egonkorrago dagoela uste du, "eta gero eta nabarmenagoa da Espainiako Gobernuak gure herria existitzen dela onartu beharko duela eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula aitortu beharko du".

Amaitzeko, Sortu legeztatuko dutela eta 2013ko hauteskundeen ostean ezker abertzalea Jaurlaritzan izango dela ziur agertu da, azken bi hauteskundeetan Bilduk eta Amaiurrek izan duten babesa kontuan hartuta eta orain babes horri Aralarren botoak ere gehituko zaizkiola jakinda.

Zaborren kudeatzea

Beste alde batetik, hondakinen kudeatzeari buruz Gipuzkoa eta Bizkaiaren artean piztutako polemika ere izan du hizpide. Garitanok iragarri du Gipuzkoak Mallabiko eta Ermuko zaborrak jasotzen jarraituko duela, datorren ekainaren 12tik aurrera Igorrek Gipuzkoako hondakinak hartuko ez baditu ere.

"Gipuzkoako hondakinak Gipuzkoan daude; kantitate txiki bat Igorrera bidaltzen dugu eta hemendik aurrera tona horiek ere kudeatuko ditugu, duela 32 urtetatik Ermutik eta Mallabitik jasotzen ditugun zaborrekin bezala; izan ere, ez dugu lurralde arteko liskarrik sortu nahi", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea