Politika -

EKITALDIA ARETXABALETAN

Ezker abertzalearen "amnesia, adanismoa eta kamuflajeak" kritikatu ditu Egibarrek

EAJren Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak Aretxabaletako Batzokiaren berrinaugurazioan parte hartu du. Bertan, jeltzaleen eredua goraipatu du eta ezker abertzaleari, "proiekturik ez duenez", eurena "tuneatzea" leporatu dio.

Joseba Egibar gaur, Aretxabaletan. Argazkia: EFE
Joseba Egibar gaur, Aretxabaletan. Argazkia: EFE
Joseba Egibar gaur, Aretxabaletan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak "memoria, giza eskubideak, errealitatea, benetakotasuna eta egia" aldarrikatu ditu, ezker abertzalearen "amnesia, adanismoa eta kamuflajeen" aurrean, Aretxabaletako Batzokiaren berrinaugurazioan egindako ekitaldian.

EAJk "125 urte" daramatzala "gure herriaren eraikuntza sozial eta nazionalean" aldarrikatu du Egibarrek eta emaitzek euren ibilbidea babesten dutela defendatu du, "erabaki estrategiko nagusietan asmatu egin baitugu".

Aurrera begira, jeltzaleen helburuak ondorengoak direla esan du: "pertsonak, euren zaintza, zerbitzu publiko indartsuak mantentzea, garapen ekonomikoa, justizia soziala eta subiranotasun politikoa, autogobernu osoa subiranotasunaren ondorio gisa, euskara gure politikaren ardatz eta gure herriaren identitatea landu eta zaintzea".

Kritika ezker abertzaleari

Hauteskunde kutsuko hitzaldian, Egibarrek ezker abertzalearen "amnesia eta adanismoa" salatu ditu eta horiek direla eta "kamuflatu" egiten direla gaineratu du.

"Giza eskubideen inguruan, amnesia dute, iragana irakurtzeko eta etorkizuna eraikitzeko. Ez dute ezer gogoratzen, ez dute iraganari buruz ezer esan nahi ezer baldintzatuko ez balu bezala, ez dakite non zeuden, zer egin zuten edo zer esan zuten".

"Adanismoa ere badute; euren iritziz, ez delako ezer ondo egin; eurekin hasi zen, izan ere, mundua" esan du ironiaz eta aholku bat eman die: "begiak ireki ditzatela eta eraiki dena onartu; bestela, ezin da lankidetza biderik ireki".

Azkenik, "ez dutenez ezer gogoratzen eta ez denez ezer egin, kamuflatzea" erabaki dutela ohartarazi du buruzagi jeltzaleak. Proiektu propiorik ez izatea leporatu die, eta horregatik, "EAJrena tuneatzea" eurentzako.

"Amnesiaren aurrean memoria eta giza eskubideak aplikatu behar dira; adanismoaren aurrean 43 urtez egin den eraikuntza nazionala eta soziala; eta kamuflajeen aurrean, benetakotasuna eta egia".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Herriak eta Hiriak Gipuzkoa Joseba Egibar Artola Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak EH Bildu Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Aretxabaleta Giza eskubideak