Politika -

Elkarrizketa Radio Vitorian

Suso (EAJ): "Ez dugu Urtaran baztertu, 48 urte ditu, eta 12 daramatza Gasteizko Udalean"

Buruzagi jeltzalearen hitzetan, joan den astean proposatu zion hautagai izatea Artolazabali, eta horrek "ordu erdian" eman zion baiezkoa. Onartu duenez, Bus Elektriko Inteligentearen (BEI) proiektuak "tentsioa" eragin du hirian, baina baztertu du hori izan denik Urtaran ez proposatzeko zioa.

Suso, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Suso, elkarrizketaren une batean.
Suso, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Suso EAJren Araba Buru Batzarreko (AAB) presidenteak nabarmendu duenez, alderdiak ez du Gorka Urtaran "baztertu", Gasteizko alkatetzarako jeltzaleen hautagai izateko Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako sailburua proposatu duela jakin eta biharamunean.

Susoren esanetan, ABBk "hainbat helmuga ditu" Urtaranentzat, baina biek adostu dute "albo batera egitea" ziklo bat amaituta zegoela ulertuta: "12 urte daramatza Gasteizko Udalean, eta adin jakin bat du, 48 urte. Beste 4 urtez luzatzeak hark beste kargu batzuk izateko aukera kentzen zigun", argudiatu du. Arabako politikariarentzat, erabaki "gogorra" izan da, baina azpimarratu du Urtaranek "ondo hartu" duela, jakin badakielako "alderdiarentzat onena" dela.

Radio Vitoriako "Vitoria Gaur" saioari eskainitako elkarrizketa batean, buruzagi jeltzaleak argitu du joan den astean proposatu ziola Artolazabali alkategai izatea, eta "ordu erdian konbentzitu" zuela. Sailburuak hiria ondo ezagutzen duela, "kudeaketan nahikoa" erakutsi duela, eta gainera, emakumea dela, "hori ere garrantzitsua baita", erantsi du. "Ez dut zalantzarik, bera izango da Gasteizko hurrengo alkatea", gaineratu du.

Aitortu duenez, udal gobernuak "tentsioak" eragin dituzten proiektuak aurkeztu ditu, eta Bus Elektriko Inteligentearena (BEI) eta horrek sortutako mugikortasun "eragozpenak" aipatu ditu adibide gisa. Dena dela, ukatu du hori izan dela Urtaran berriro ez proposatzeko arrazoia. ABBko presidentearen aburuz, hirien deskarbonizazioan "aitzindaria" izateak "zailtasunak" ditu, baina "hori da klima aldaketaren kontrako borrokan jarraitu beharreko bidea", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Politika EAJ-PNV Araba Gorka Urtaran Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak