Politika -

AUZITEGI NAZIONALA

Lemoako apaizari barkamena eskatzeko galdegin dute, ETA goratzeagatik jarri zioten kereila artxibatu eta gero

Bizkaiko Abadeen Foroak publikoki barkamena eskatzeko eskatu die Joseba Segura Bilboko gotzainari eta Mario Iceta postu horretan aurretik egon zenari, Mikel Azpeitia baztertzeagatik.

Auzitegi Nazionala. Argazkia: Efe
Auzitegi Nazionala. Argazkia: Efe
Auzitegi Nazionala. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak ebatzi du Mikel Azpeitia Lemoako (Bizkaia) apaizak ETAri buruzko dokumental batean egindako adierazpenetan ez zuela terrorismoa goratu, eta itxi egin du Dignidad y Justicia Elkarteak abadearen aurka jarritako kereila.

Bizkaiko Abadeen Foroak jakinarazi duenez, Auzitegi Nazionalak, azaroaren 8ko data duen auto batean, amaitutzat eman zuen apaizaren aurkako prozesua, eta horregatik, Mikel Azpeitiari barkamena eskatzeko deia egin die Joseba Segura Bilboko gotzainari eta Mario Iceta aurreko gotzainari, apaiz jardunetik baztertzeagatik.

2020ko urrian, Dignidad y Justiciak kereila aurkeztu zuen abadearen aurka, "Bajo el silencio" dokumentalean egin zituen adierazpenetan ETAren terrorismoa goratu zuela eta biktimak umildu zituela iritzita.

Elkarte horrek apaiza Eliza Katolikoarekin lotutako jarduera guztietatik berehala baztertzea eskatu zion Gotzainen Biltzarrari.

Abadeak barkamena eskatu zien biktimei hitz "desegoki" horiengatik, eta Bilboko Gotzaitegiak errefusatu egin zituen adierazpenak eta "eliza jardueratik" baztertu zuen Azpeitia.

Dokumentalean "ETA erakunde terroristak Euskal Herrian sortutako egoera erakutsi nahi zuten", eta "ez da atzematen terrorismoa edo terroristak justifikatzea bilatzen duten hitzik edo adierazpenik", azaldu du Auzitegi Nazionalak.

Bizkaiko Abadeen Foroak bere garaian ohartarazi zien gotzainei apaiza kargutik kentzeak "presio mediatikoari erantzuten" ziola "gertakariei baino gehiago", eta "zuhurtziaz" ez jokatzea leporatu zien.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Bizkaia ETA Eguneko albisteak Albisteak Lemoa Eliza Katolikoa Arratia-Nerbioi albisteak