Politika -

'Glenncree Ekimena'

Indarkeria mota desberdinen biktimen adierazpenaren testu osoa

ETAren, GALen eta Poliziaren 25 biktimek sinatutako 'Glenncree Ekimena'ren testu osoa.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur zuei guztioi aurkeztu nahi dizuegun 'Glencree' deitu dugun ekimena, izaera eta ideologia desberdinak dituzten pertsonek osatutako talde batek sortu du. Guk guztiok giza eskubideen urraketak jasan ditugu. Sorrera eta iritzi politiko desberdineko jendeak urratu izan dizkigu eskubideak. Beraz, hasiera-hasieratik argi utzi nahi dugu , alde batetik, gure burua ordezkatzen dugula soil-soilik, nork bere berezitasunetik; eta, bestetik, ekimen hau edozein aldetatik erabiltzea errefusatzen dugula. Ezaugarri horiek guztiek taldea oso anitz eta heterogeneo bihurtzen dute, ohiko identifikazio eta iritzi soziopolitikoen parametroen barruan sailkaezin egiten dutena.

'Glencree Ekimena' 2007. urtearen erdialdean sortu zen taldea da eta ordutik aurrera etenik gabe garatu du bere jarduera. Denborarekin jarduerak ugaritu egin dira eta sakondu ahala partaide gehiago bildu dira gaur egungo egitura eratu arte. Hainbat biktima elkartzeko taldea da eta horrek esperientziak partekartzea erraztu du. Indarkeriaren bidegabekeriak arlo pertsonalean eta familian duen eragin handiaz jabetzea ere bai.

Era berean ezagutzatik enpatiara igarotzen lagundu du ekimen honek eta hurkoa aintzat hartzea ahalbideratu, denok ditugun oztopoak eta estereotipoak atzean utzita.

Ekimenak bost urte ditu eta hauek dira oinarriak: pertsonen arteko harremanak, bizikidetasun handia eta adeitasunezko eztabaida. Eta, hain zuzen ere, ekimen honen emaitaren berri eman nahi zaie herritar guztiei adierazpen honekin eta osagarrizko narrazio baten bidez.

Gure esperientzia partekatzea

'Glencree Ekimena'k bere esperientzia argitara atera nahi du eta, aldi berean, egindako ibilbidearen egiazko testigantza eskaini. Xede pedagogiko nabarmena du, bereziki gazteenei zuzendua eta asmo politikoz burututako indarkeria jasan duen gizarte-ingurunean eragin positiboa izatea nahi du, betiere gure artean hori berriro ez gertatzeko guraritik eta konpromisotik abiatuta.

Talde honetako kideok oso positibotzat jotzen dugu urte hauetan bizi izandako esperientzia; baina, aldi berean, ondo dakigu proiektu apala dela eta mugak badituela.

Hori guztia dela eta, arduraz eta konpromisoz jokatu nahi dugu bizi garen gizartearekiko. Une honetan ez ditugu geure legezko eskubideak eskatu nahi; baina bai, ordea, besteenganako gure betebeharra erakutsi.

Modu kolektiboan jarduten dugu, luze irauteko asmorik ez duen talde baten gisan, lana amaitutzat jotzen baitugu. Soilik arlo etikoan kokatu nahi dugu, erabat bidegabea den indarkeria jasandako lekukoak eta pertsonak izateak ematen digun zilegitasun morala abiapuntutzat hartuta. Halaber, gure gizartean ohikoak diren bestelako parametroez eta logikaz jardun nahi dugu, beroriek zalantzan jartzeko ageriko borondateaz.

Gure mezua

Hau da «Glencree» ekimenaren partaideok gizarteari jakinarazi nahi dioguna eta berarekin partekatu nahi duguna:

· Talde gisa ez gatoz bat gu deskribatzeko sarri erabiltzen dituzten definizio eta kontzeptuekin, eta ez dugu atsegin nola hitz egiten den gizartean gure errealitateaz, errealitate hori oso anitza baita.Tabuak eta oztopoak hautsiz, errespetu handiz hurbildu gara elkarrengana. Bakoitzaren beldurrak eta estereotipoak, frustrazioak eta norberaren atsekabe-historia aurrez-aurre jarrita, elkarrekin bizitzeko oinarriak aztertu ditugu.

· Hala eta guztiz ere, gu guztiok bereizten gaituzten ezaugarri batzuk zehaz ditzakegu. Indarkeriazko ekintza traumatiko batek, gugan zuzenean edo familiarengan, eragindako pertsonak gara ( erailketa, tortura, mehatxua...). Horrek bidegabeko sufrimendua sortzen du , apropos egina eta luzea. Horren ondorioz, urratzaileek ahaztu eta ukatu egin gaituzte eta erakundeen aldetik laguntza modu desberdinean jaso dugu. Etorkizunari begira gure errealitatea eta eskarmentua gizarte honetan elkarbizitzaren aldeko ekarpena izatea nahi dugu.

· Elkarrekin lan asko eginda, elkarri entzunda, eta norberak dituen iritzi ideologikoen gainetik , iritzi horiek ezkutatu gabe, uko egin gabe, iritsi gara oinarrizko gogoeta honetara.

· Norberak bizi izandakoa ezagutu eta elkarren berri aurrez-aurre jakin ondoren , argi eta garbi aldarrika dezakegu guk guztiok jasandako indarkeria bidegabea dela. Eta denok eskubide berberak (egia, justizia, memoria, oinirizpena eta kaltearen ordaina) merezi ditugula.

· Ekimen honetan sentitu dugunez bakean, errespetuan eta giro eraikitzailean oinarritutako gizarte anitz, aske eta zuzena lortu nahi dugu.

· Gizartearen nahi hau lortzeko, gure artean hainbat pertsonak indarkeria era bidegabean jasan dutenez, egokia eta beharrezkoa da indarkeria horrek eragileek sortutako kaltea onartzea eta erantzukizunak hartzea.

Gizartearentzako deia

Gizarte osoari dei egin nahi diogu eta gizarte sarea osatzen duen pertsonei, taldeei eta erakundeei, iragana era autokritikoan azter dezan, beti ere egiarekiko eta jusztiziarekiko konpromisoan oinarrituta. Zauriak osatzeko ez dago tentsiorik eta gatazkarik gabeko prozesurik. Guk beste inork ez bezala bizi izan dugu beharbada. Era berean, esperientzia partekatu honek beste batzuk beren prozesuak egitera bultzatuko (animatuko ) dituela espero dugu.

Donostia-San Sebastián, 2012ko ekainaren 16a

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea