Politika -

Omenaldia Bilbon

Poliziaren biktima batek Espainiari 'barkamena' eskatzeko exijitu dio

Poliziaren indarkeria jasan duten biktimak omendu ditu gaur Eusko Jaurlaritzak Bilbon, ekitaldi batean.

Jaurlaritzak lehen omenaldia egin die poliziaren indarkeriaren biktimei. Argazkia: EITB.
ETBk 'Por quién no doblan las campanas' dokumentala aurkeztu du

01:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ines Nuñez poliziaren indarkeria jasan duen biktima baten iritziz, Espainiar Estatuak "barkamena" eskatu beharko luke. Gaineratu duenez, eskaera horrek ez lieke aipurik kenduko Espainiako erakundeei edota segurtasun indarrei.

Poliziaren indarkeria jasan duten biktimak omendu ditu gaur Eusko Jaurlaritzak Bilbon, ekitaldi batean. Biktima horiek babesteko dekretua indarrean jarri eta astebetera egin du Jaurlaritzak aurreneko ekitaldi publikoa.

Ekitaldian, Maite Ibañezen 'Por quién no doblan las campanas' dokumentala estreinatu dute. ETBren laguntzarekin batera eginiko dokumentala da erta bertan motibazio politikoko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen biktimen senideek emandako testigantzak biltzen dira.

Por quién no doblan las campanas dokumentalak 1960 eta 1978 urte bitartean Euskal Herrian izandako polizia gehiegikeriako kasu batzuk biltzen ditu.

Javier Batarrita, Segundo Urteaga, Antxon Fernandez, Koldo Arriola, Anjel Otaegi, Jon Paredes 'Txiki', Alberto Soliño, Antxone Telleria eta Francisco Javier Fernandezi gertatutakoak biltzen ditu Por quién no doblan las campanas dokumentalak.

Francisco Javier Fernandezen alabak Ines Nuñezek, ekitaldi horretan hitz egin du. Manifestazio baten ondotik igarotzean, istiluen kontra ari zen polizia batek jipoitu zuen. Gertaera salatu ostean, torturatu eta hil egin zuten.

Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari egindako lana eskertu die Ines Nuñezek. Espainiako Gobernuak ere mota horretako ekimenak antolatu beharko lituzkeela gaineratu du, "Espainiako Segurtasun Indarretako kideek egindako delituak izan zirelako".

Urteetan erakundeek mantendutako jarrera kritikatu du, inork ez dielako "barkamenik eskatu". Hala ere, eskubide urraketa horiek erabiliz ETAren indarkeria ez justifikatzeko eskatu du Ines Nuñezek, ezta Guardia Zibilaren edo Poliziaren lana zikintzeko ere. Terrorismoaren biktimen eta poliziaren indarkeriaren biktimen laguntzak parekatzeko exijitu du Nuñezek. Gaurkoa, "lehen urrats bat" izatea espero du Fernandezen alabak.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, gaurkoa "egun garrantzitsua" izan da, "urte luzeetako ahanztura instituzionalari amaiera" eman nahi izan diotelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea