Politika -

4 urteko espetxe zigorra

Zelaia eta Barbado gazteei elkartasuna adierazteko "agerraldi masiboa" egin dute Amurrion

Aitor Zelaia eta Galder Barbado arabarren helegitearen aurrean Auzitegi Gorenaren azken erabakia "anakronikoa eta krudela" dela salatu du ANkerkeria Stop plataformak.

Agerraldi jendetsua egin dute Aitor Zelaia eta Galder Barbadori elkartasuna adierazteko. EITB MEDIA
Agerraldi jendetsua egin dute Aitor Zelaia eta Galder Barbadori elkartasuna adierazteko. EITB MEDIA
Agerraldi jendetsua egin dute Aitor Zelaia eta Galder Barbadori elkartasuna adierazteko. EITB MEDIA

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Auzitegi Gorenak Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrei berretsitako 4 urteko espetxe zigorra "anakronikoa" eta "krudela" dela salatu dute gaur, igandean, 1.300 lagunek Amurrioko Zabale ikastetxean egindako agerraldi masiboan.

Prentsaurrekoan, ANkerkeria Stop plataformako kideek gazteen kontrako sententzia "firmea" dela gogoratu dute, bestelako helegiterik ez baitute aurkeztuko. Prozesua, baina, "anakronikoa" eta "krudela" izan dela azpimarratu dute, "lehenengo egunetik egin dugun bezala". Diotenez, "ulergaitza" da gaur egun halako "eraso" bati aurre egin behar izana. "Euskal Herria aurrera doa, eskubide zibil eta politikoak urratu eta horrelako injustiziei aurre egiten kateatuta nahi gaituzten arren", deitoratu dute.

Maitasuna eta elkartasuna maite dituzten lagun, kide eta militante politikoak direlako sentitzen dutela adierazi dute, "ez ditugu bakarrik utziko".  Adierazi dute herriarekiko daukaten konpromisoa maite dutela, eta horregatik, "beraiek milaka aldiz egin bezala, elkartasun uholde bat itzuli nahi diegu" azpimarratu dute.

Ertzaintzak 2019ko otsailean atxilotu zituen Aitor Zelaia eta Galder Barbado, eta, salatu dutenez, "lau urte baino gehiago luzatzen ari den ibilbide polizial eta judizial ankerraren protagonistak bilakatu dira, nahigabeko protagonistak".

2021eko urtarrilean izan zen haien aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen. Bertan, 4 urteko espetxe zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta 10 urteko inhabilitaziora kondenatu zituzten gazteak. Horren aurrean, baina, helegitea aurkeztu zuten eta, bi urte pasa eta gero, joan den astean, Auzitegi Gorenak kondena hori berretsi egin du.

Uneotan, Zelaia eta Barbado sententzia noiz betearaziko duten zain daude, eta, gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez, hurrengo egun edo asteetan "espetxerako errekerimendua" deritzona abiatuko du Auzitegi Nazionalak, "bat-bateko atxiloketa batekin lagunduta etor daitekeena".

Espetxeratze arriskuaren aurrean "adi egotera eta erantzutera" deitu du bi gazteen aldeko ANkerkeria Stop elkartasun plataformak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Politika albisteak Araba Auzitegi Gorena argazkiak Epaiketak argazkiak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Gazteak albisteak