Politika -

Etxebizitza

Jaurlaritzak Konstituzionalera joko du Estatuko Etxebizitza legeak EAEren "eskumenak urratu" dituelakoan

Errekurtsoa aurkeztu aurretik, baina, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak "elkarrizketarako" deia egin dio jarduneko Espainiako Gobernuari gatazka konpontzeko. PSE-EEko sailburuak, Iñaki Arriola Etxebizitza sailburua barne, erabakiaren kontra azaldu dira.

Estatuko legeak alokairuaren prezioari muga jartzea ezarri zuen. Argazkia: EFE
Estatuko legeak alokairuaren prezioari muga jartzea ezarri zuen.
Estatuko legeak alokairuaren prezioari muga jartzea ezarri zuen. Argazkia: EFE

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Espainiako Estatuko etxebizitza legearen —udaberrian onartu zuen PSOEren eta Unidas Podemosen koalizio gobernuak, EH Bilduren eta ERCren aldeko botoarekin— aurkako errekurtsoa aurkeztuko du Auzitegi Konstituzionalean araudiak EAEren "eskumenak urratu" dituelakoan. Zehazki, legearen zazpi artikuluren eta hainbat xedapenen aurka egingo dute. Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek egindako txosten bat hartu du oinarri Urkulluren gobernuak erabakia hartzeko. Dena dela, ebazpena ez dute aho batez onartu, hiru kide sozialistak, Iñaki Arriola Etxebizitza sailburua tartean, kontra azaldu baitira, eta desadostasuna aktan jasotzea eskatu dute. 

Erabakia gaurko gobernu bileran hartu du Jaurlaritzak (udako oporraldiaren aurretik egin duten azkena), eta hala jakinarazi du Bingen Zupiriak batzarraren osteko agerraldian. Azaldu duenez, zerbitzu juridikoen aburuz, "lege berriarekin Estatuak euskal legedian araututa ez dauden baina Euskadiren eskumenekoak diren gai zehatzak arautzen ditu", eta "aplikatu beharreko araudiaren gaineko segurtasun juridikorik eza sortzen du". 

Errekurtsoa formalki aurkeztu aurretik, baina, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak "elkarrizketarako" deia egin dio jarduneko Espainiako Gobernuari eskuduntza-gatazka konpontzeko.

Sozialisten adostasun eza

Kazetariek galdetu badiote ere, Zupiriak ez du zehaztu nahi izan zeintzuk izan diren sailburu sozialisten argudioak, baina berretsi duenez, bi bazkideen arteko "harremanean ez dago inolako urradurarik" EAJk eta PSE-EEk koalizio gobernua eratzeko sinatu zuten akordiora "lotuta" baitaude. 

Zupiria, sailburu jeltzaleen eta sozialisten arteko harremanaz: ''Ez dago urradurarik''
Zupiria, sailburu jeltzaleen eta sozialisten arteko harremanaz: ''Ez dago urradurarik''
Zupiria, sailburu jeltzaleen eta sozialisten arteko harremanaz: ''Ez dago urradurarik''

0:52

Halaber, gogorarazi du Espainiako Gobernuak Jaurlaritzaren hainbat lege errekurritu dituela, eta bi gobernuen arteko elkarrizketa egon den gaietan, akordioa egon dela. "Espero dugu Espainiako Gobernuaren lehen keinua izatea modu positiboan erantzutea elkarrizketaren eskaerari", nabarmendu du. 

Arriolak gidatzen duen Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak ohar bidez nabarmendu duenez, Estatuko legea "oso argia da autonomia erkidegoen eskuduntzen errespetuari dagokionez, eta behin eta berriz ezartzen du legean jasotako zehaztapenak gauzatuko direla autonomia erkidegoek hirigintzaren, etxebizitzaren eta lurralde-antolamenduaren arloan dituzten eskumenei kalterik egin gabe".

Hiru sailburu sozialistak Konstituzionalera jotzeko erabakiaren kontra azaldu dira, eta txosten juridikoak jasotakoekin bat egiten ez dutela agertu dute. Euren ustez, Estatuko etxebizitza legea "aukera bat da Euskadirentzat, eskubideak inposatu baino, zabaldu egiten dituelako". 

Ildo beretik, PSE-EEk oharra kaleratu du eta defendatu Estatuko legea EAEko araudiaren "osagarri" dela, eta ez duela inposatzen, erkidegoen "eskumenekiko errespetuzkoa" baita.  

"EAEko araugintza eskumena erabat hustuta geratu da", txostenaren arabera

Olatz Garamendi sailburuak zuzentzen duen Sailak nabarmendu duenez, Espainiako legea "Estatuari ez dagozkion eta eskumen autonomiko esklusibokoak diren alderdietan sartzen da. Gainera, Estatuak etxebizitzaren funtzio soziala definitzen duen botere publiko bakarra izan nahi du, edo etxebizitza sustatzeko ekintza publikoak edo etxebizitza eskuratzeko politika publikoa sakon arautu nahi ditu. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) betearazle hutsa izatea baino ez zaio geratzen eta honenbestez etxebizitzaren arloko EAEko araugintza eskumena erabat hustuta geratu da".

Txosten juridikoaren arabera, Estatuko legearen edukia "neurri handi batean" 2015eko euskal etxebizitza legean jasota eta "ondo araututa" zegoen. Gainera, kritikatu du Estatuko arauak babes ofizialeko etxebizitzetarako lurzoru erreserbak ezartzen dituela eta horri buruzko jurisprudentzia konstituzionala urratzen duela. Era berean, "kontraesana" ikusi du bi legeen artean lurzoruaren ondare publikoaren beharrezko erabilerari dagokionez. Izan ere, Estatuko arauak ezartzen du urbanizazio kargarik gabeko lurzoru-lagapenak etxebizitza sozialak eraikitzera bideratu behar direla soil-soilik, eta EAEko legeak, berriz, beste xede batzuk ere onartzen ditu. 

Agian zure interesekoa da: Estatuko Etxebizitza legearen gakoak

Tentsio handiko eremuak ezartzeko deklarazioari dagokionez, Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek uste dute Estatuaren erregulazioak EAEko araudia garatzeko "aukera ixten" duela eta, gainera, Estatuak "funtzio betearazleak" bereganatzen dituela.

"Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren ustez, Estatua ukatzen ari zaio euskal gizarteari, demokratikoki hautatutako ordezkarien bidez, etxebizitza politikan bere ereduaren jabe izateko aukera. Estrategia birzentralizatzaile horretan, alde batera uzten ari da Estatuan errealitate eta kudeaketa oso desberdinak daudela arlo zehatz horretan. Izan ere, Euskadi, adibidez, zenbaki absolutuei erreparatuz gero, babes ofizialeko etxebizitza gehien eraiki dituen autonomia erkidegoa da, gure biztanleria laukoizten duen Andaluziaren atzetik bakarrik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua Etxebizitza