Politika -

Auzitegi Nazionala

Uribetxebarria baldintzapean aske uzteko eskaera sartu dute

Espetxeratuen Zaintzarako epaileak Uribetxebarriaren egoerari buruzko txostena eskatu du, ETAko presoa aske utzi ala ez erabakitzeko. Giltzurruneko minbizia dauka eta metastasia antzeman diote buruan.

Iosu Uribetxebarriaren alde, Azpeitian egindako elkarretaratzea. Argazkia: EITB
Iosu Uribetxebarriaren alde, Azpeitian egindako elkarretaratzea. Argazkia: EITB
Iosu Uribetxebarriaren alde, Azpeitian egindako elkarretaratzea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iosu Uribetxeberria baldintzapean aske uzteko eskaera sartu du haren abokatuak, Ainhoa Bagliettok, Auzitegi Nazionalean, presoak "gaixotasun larria eta sendaezina" duela argudiatuta.

Uribetxebarriak giltzurruneko minbizia dauka, birika batera zabaldu zaio eta orain buruko metastasia ere antzeman diote.

Herrira mugimenduak jakitera eman duenez, Uribetxebarria espetxetik ateratzeko eskaera bi modutara egin du haren abokatuak: batetik, gaixotasun larria eta sendaezina duela argudiatuta, baldintzapean aske uzteko eskatu du; bestetik, ezarrita duen zigorra berehala bertan behera uzteko galdegin du.

Herriraren arabera, Uribetxeberria "azkenetan" dago eta, ondorioz, presoak eta haren senideek egoerari "duintasunez aurre egin ahal izateko, presoa askatzea eta etxera eramatea" ezinbestekotzat jo dute.

Horrez gain, datorren larunbatean Arrasaten egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. ‘Iosu askatu’ lelopean egingo dute mobilizazioa.

Epaileak Uribetxeberriaren egoerari buruzko txostena eskatu du

Bestalde, Jose Luis Castro Espetxeratuen Zaintzarako epaileak Uribetxebarriaren osasun-egoerari buruzko txostena eskatu dio auzitegiko medikuari, ETAko presoa aske utzi ala ez erabakitzeko. Txostena jasotzen duenean fiskalari igorriko dio eta orduan erabakiko dute Uribetxebarriaren abokatuak egindako eskaera onartu edo ez.

Bitartean, presoa Donostia Ospitalean dago. Bere osasun-egoera larria denez, Leongo espetxetik Donostiara ekartzea erabaki zuen Barne Ministerioak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea