Politika -

IRUÑEKO UDALA

EH Bilduk eta PSNk akordioa lortu dute Ibarrolari Iruñeko alkatetza kentzeko

Gaur goizean, Cristina Ibarrolaren aurkako zentsura mozioa erregistratu dute EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. Okerrik ezean, Joseba Asiron (EH Bildu) egingo dute Iruñeko alkate abenduaren 28ko osoko bilkuran.

Joseba Asironek (EH Bildu) Iruñeko Udalean zentsura mozioa erregistratu duen unea
Joseba Asironek (EH Bildu) Iruñeko Udalean zentsura mozioa erregistratu duen unea
Joseba Asironek PSNrekin adostutako zentsura mozioa erregistratu du Iruñeko Udalean

0:18

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itxura guztien arabera, maiatzeko udal hauteskundeen ondoren posible izan ez zena posible izango da oraingoan eta gobernu aldaketa izango da Nafarroako hiriburuan. Izan ere, EH Bilduk eta PSNk akordioa lortu dute Cristina Ibarrola Iruñeko alkatearen kargutik kendu eta Joseba Asiron jartzeko.

Akordio horren ondotik, Iruñeko Udaleko oposizioko taldeek (EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa) Cristina Ibarrolaren aurkako zentsura mozioa erregistratu dute gaur goizean Iruñeko udaletxean. Okerrik ezean, abenduaren 28ko ezohiko osoko bilkuran bozkatuko dute zentsura mozioa, eta orduan gauzatuko da aldaketa.

UPNko Cristina Ibarrolak alkatetza eskuratu zuenetik zentsura mozioaren mehatxua egon da bere gainean.

Joseba Asiron (EH Bildu): "Behingoz atzean utzi nahi ditugu paralisi eta blokeo urteak"

Joseba Asiron EH Bilduk Iruñeko Udalean duen bozeramaileak azaldu duenez, "paralisi" eta "blokeo" urteak "behingoz" atzean utzi nahi dituzte, eta gaurtik lan egingo dute herritarren beharrei erantzuteko. Halaber, indar aurrerakoei eskua luzatu die eskuz esku lan egiteko, "akordioak zenbat eta zabalagoak izan, orduan eta onuragarriagoak izango direlako hiriarentzat".

Aurreikuspenak betetzen badira, EH Bilduko Joseba Asiron izango da berriro alkate eta ostegun honetan bilera sorta abiatuko du bloke aurrerakoia osatzen duten talde politikoekin, handienetik txikienera, "gobernu aurrerakoi eta partekatua" osatu eta legealdiko akordio programatikoa adosteko asmoz.

Gobernu osaketaren inguruan galdetuta, PSN gobernuan sartzea gustatuko litzaiokeela onartu du Asironek. Nafarroako Alderdi Sozialistak, ostera, aukera hori baztertu egin du.

Bestalde, Nafarroako EH Bildutik azpimarratu dute Iruñeko zentsura mozioak ez duela "inolako harremanik" Pedro Sanchezen inbestidurarekin. Ez hori bakarrik, akordioa Iruñerako dela zehaztu dute, hau da, hiriaren egoeraren inguruan PSNk eta EH Bilduk egindako diagnosi partekatu batetik abiatuta jaio dela.

Joseba Asiron: ''Paralisi eta blokeo urteak atzean utzi nahi ditugu''
Joseba Asiron: ''Paralisi eta blokeo urteak atzean utzi nahi ditugu''
Joseba Asiron: ''Paralisi eta blokeo urteak atzean utzi nahi ditugu''

2:09

Ibarrolak "miserable" deitu die sozialistei, "ETAren ondorengoei Iruñeko alkatetza emateagatik"

Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak adierazi du gaurkoa "egun tristea dela, ez hiriarentzat bakarrik, baita herrialde osoarentzat ere", eta EH Bilduri alkatetza emango dion zentsura mozioa aurkeztu ondotik, esan du "PSNk hiria modu miserablean saldu" duela.

Hala, Maria Chivite, Ramon Alzorriz, Santos Cerdan, Elma Saiz eta Pedro Sanchez buruzagi sozialistei dei egin die "Iruñeko kaleetara atera eta herritarrekin aurrez aurre hitz egiteko", eta euren postuak mantentzeko Iruñea saldu izana egotzi die.

Ibarrolak ''miserable'' deitu die sozialistei, ''ETAren ondorengoei Iruñeko alkatetza emateagatik''
Ibarrolak ''miserable'' deitu die sozialistei, ''ETAren ondorengoei Iruñeko alkatetza emateagatik''
Ibarrolak ''miserable'' deitu die sozialistei, ''ETAren ondorengoei Iruñeko alkatetza emateagatik''

0:50

Ramon Alzorriz: "Ez dugu behar inork esatea nor den EH Bildu eta zein izan den bere ibilbidea"

PSNko antolakuntza idazkariak Iruñeko Udaleko zentsura mozioa defendatu du. Horren esanetan, "erabaki ausartekin eta aurrera pausoak emanez bakarrik egin ahal izango dugu aurrera gizarte bezala eta elkarbizitzaren alde egin". "Ez dugu behar inork esatea nor den EH Bildu eta zein izan den bere ibilbidea", gaineratu du.

Ramon Alzorriz: ''Ez dugu behar inork esatea nor den EH Bildu eta zein izan den bere ibilbidea''
Ramon Alzorriz: ''Ez dugu behar inork esatea nor den EH Bildu eta zein izan den bere ibilbidea''
Ramon Alzorriz: ''Ez dugu behar inork esatea nor den EH Bildu eta zein izan den bere ibilbidea''

3:06

Koldo Martinez (Geroa Bai): "Akordio hau ez da PSNren eta EH Bilduren artekoa, lau talderen artekoa baizik"

Koldo Martinez Geroa Baiko Iruñeko zinegotziak argi eta garbi utzi nahi izan du ez dela PSNren eta EH Bilduren arteko akordioa, lau talderen artekoa baizik. Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, Joseba Asiron alkate egitea da adostu duten bakarra: "Beste guztia oraindik argitu eta adostu gabe dago".

Gobernu berriaren osaketaz galdetuta, uste du hoberena litzatekeela lau taldeek ordezkaritza izatea eta ahalik eta gobernu transbertsalena osatzea. "Prest gaude gobernu horretan sartzeko, baina ez dugu orain arte horretaz hitz egin", gaineratu du.

Koldo Martinez (Geroa Bai): ''Asiron Iruñeko alkate egitea adostu dugu, beste guztia argitu gabe dago''
Koldo Martinez (Geroa Bai): ''Asiron Iruñeko alkate egitea adostu dugu, beste guztia argitu gabe dago''
Koldo Martinez (Geroa Bai): ''Asiron Iruñeko alkate egitea adostu dugu, beste guztia argitu gabe dago''

play icon 4:41

PSOEk ukatu egin du Sanchezen inbestiduraren aurretik Iruñeko zentsura mozioa adostu zuela EH Bildurekin

PSOEk Espainiako Kongresuan duen bozeramaile Patxi Lopezek ukatu egin du Pedro Sanchezen inbestiduraren aurretik Iruñeko zentsura mozioa adostu zutela EH Bildurekin.

Kongresuko pasilloetan egindako adierazpenetan, zentsura mozioa justifikatu du, "inorekin inolako akordiorik lortzeko gai ez den" gobernu talde bat duelako buru, eta hiru urte daramatzalako Aurrekonturik onartu gabe.

Lopezek ukatu egin du Iruñeko zentsura-mozioa EH Bildurekin hitzartu izana Sanchezen inbestidura baino lehen
Lopezek ukatu egin du Iruñeko zentsura-mozioa EH Bildurekin hitzartu izana Sanchezen inbestidura baino lehen
Lopezek ukatu egin du Iruñeko zentsura-mozioa EH Bildurekin hitzartu izana Sanchezen inbestidura baino lehen

0:28

Javier Esparza (UPN): "Argi dago PSOEk ETAko kideekin negoziatu duela Nafarroaren etorkizuna"

Javier Esparza UPNko presidentearen iritziz, "argi dago PSOEk ETAko kideekin negoziatu duela Nafarroaren etorkizuna". Iruñeko Udaleko oposizioko taldeek Cristina Ibarrolaren aurkako zentsura mozioa aurkeztuko dutela ezagutu berritan, X sare sozialean bere iritzia eman du alderdi erregionalistako buruak. "Iruña EH Bilduko terroristei ematea da Sanchezi, Chiviteri, Cerdani eta Alzorizi falta zitzaien azken gauza", gehitu du.

Maiatzeko udal hauteskundeen emaitzak

Cristina Ibarrola Union del Pueblo Navarro (UPN) alderdiko hautagaia Iruñeko alkate izendatu zuten azken hauteskundeetan boto gehien jaso zituen zerrendaburu gisa, nahiz eta bozketan osoko bilkurako 27 eserlekuetatik 11 baino ez lortu (UPNren 9ak eta PPren 2ak). EH Bilduk 8 lortu zituen, eta Asiron hautagaiak alkategai izateko aukera izan zuen, baina PSNk (5) boto zuria eman zuen, eta horrek erraztu egin zuen Ibarrola alkate izendatzea.

Orain, abenduaren 28ko zentsura mozioak PSNren nahitaezko baiezkoa behar du Asiron alkate kargura itzul dadin.

Alkate izateko, Asironek EH Bilduko 8 zinegotzien botoa behar du, baita PSNko 5 zinegotziena eta zinegotzi bat gehiago duen hirugarren bazkide batena ere, Geroa Bai (2) edo Zurekin Nafarroa (1), kasu.

Asironek kargua lortzeko, gutxienez 14 zinegotzi lortu behar ditu, gehiengo osoa. Oposizioan, berriz, UPN (9) eta PP (2) geratuko lirateke.

Demokrazia garaiko lehen zentsura mozioa Iruñeko Udalean

Demokrazia berrezarri eta 1979an lehen hauteskundeak egin zirenetik, Nafarroako hiriburuko alkateek euren agintaldiak bete dituzte.

Julian Balduz (PSN) alkate izan zen bi alditan: 1979tik 1983ra eta 1983tik 1987ra. Javier Chourrautek (UPN) lau urte egin zituen alkatetzan, 1987tik 1991ra, eta Alfredo Jaimek (UPN) beste lau, 1991tik 1995era. Javier Chourrautek karguan errepikatu zuen 1995etik 1999ra, baina oraingoan CDNko ordezkari bezala.

Ondoren, Yolanda Barcinaren (UPN) aldia iritsi zen (1999tik 2011ra). Barcinari Enrique Mayak hartu zion lekukoa, 2011tik 2015era.

2015ean EH Bilduko Joseba Asiron aukeratu zuten alkate, eta 2019an berriro Enrique Mayak hartu zuen aginte makila (UPN). 2023ko ekainetik, ostera, UPNko Cristina Ibarrola da alkatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea azken orduko berriak UPN PSN Albisteak Geroa Bai EH Bildu Gipuzkoa Izquierda-Ezkerra alderdia EH Bildu Iruñea Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala albisteak Cristina Ibarrola UPN