Politika -

Kongresua

PSOEk ERCren legea tramitatzea babestu du, Espainiako selekzioen deira joateko betebeharrari buruz

Kirolaren Legea aldatuko da, edozein jokalari selekzioan egotea betebehartzat jo ez dadin eta eskubide hutsa izan dadin. Era berean, edozein kirolarik aukera librea izango du, deialdira joan edo uko egin erabakitzeko.

Espainiako gizonezkoen selekzioko jokalarien agerraldia. Artxiboko argazkia: EFE.
Espainiako gizonezkoen selekzioko jokalarien agerraldia. EFE
Espainiako gizonezkoen selekzioko jokalarien agerraldia. Artxiboko argazkia: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEk azken orduan onartu du Esquerra Republicanaren (ERC) lege proposamena Kongresuan tramitatzea, Espainiako futbol selekzioaren eta beste kirol batzuen deialdietara joateko derrigortasunarekin amaitzeko. Joan den astean, Pilar Alegria Hezkuntza eta Kirol ministroak baztertu egin zuen hori, eta sozialistek ere errefusatu egin zuten astearte honetako eztabaidan.

ERCren proposamena Kongresuko Osoko Bilkurak aintzat hartu du, Sumarren eta gainerako alderdi nazionalista eta independentisten babesarekin. Beraz, Kirolaren Legea aldatuko da, edozein jokalari selekzioan egotea betebehartzat ez hartzeko eta soilik eskubide bat izateko. Era berean, edozein kirolarik aukera librea izango du, deialdira joan edo uko egin erabakitzeko.

Horrela, amaiera emango litzaioke dagokion federazioak kirolariei 30.000 euroko isunak jartzeko mehatxuari, bai eta federazio-lizentzia kentzeari ere, Espainiako selekzioaren deira joaten ez badira.

Kongresuaren Osoko Bilkuran astearte arratsaldean egindako eztabaidan, Sonia Guerra txostengile sozialistak Esquerraren erreformaren aurka agertu da, eta azpimarratu du derrigortasun horrek ez duela "aberria inposatzea" bilatzen, baizik eta kirolaria kluben aurrean babestea, haien interesak desberdinak baitira eta jokalarien etekin handiena ateratzea bilatzen baitute.

Gogorarazi duenez, kirolaririk ez da zigortu selekzioaren deiari ez erantzuteagatik, eta nahi ez zutenek aldez aurretik hitz egin dute hautatzailearekin eta ez dituzte deitu; beraz, praktikan ez dago independentistek aipatzen duten inposizioa.

Baina bi ordu geroago, bozketa iritsi denean, PSOEk iritziz aldatu du, eta ERCren ekimena aintzat hartzea babestu du; izan ere, PPk eta Voxek 'ezetz' esan arren, Kongresuan bere bidea egiten jarraitu ahal izango du.

Erreforma irailean erregistratu zen, selekzioko jokalari askoren kexen harira; izan ere, Montse Tome hautatzailearen deialdira "behartuta" joan zirela onartu zuten, 'Rubiales auziaren' ostean, bertan behera uzteak zigorrak eragin ziezazkiekeelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Kirolak Politika Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak