Politika -

Istiluak

Erkorekak Ertzaintzak Gasteizen izandako jokabidea babestu du, eta "bortizki eraso" zietela esan du

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak "erabat gaitzetsi" ditu joan den igandean Arabako hiriburuan izandako liskarrak. Josu Erkorekak salatu duenez, ertzainei "segada egin eta bortizki eraso zieten".

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua. Argazkia: EFE
Josu Erkoreka lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua. Argazkia: EFE
Josu Erkoreka lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak igande honetan Gasteizen izandako istiluak gaitzetsi ditu.

Bere sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean, Segurtasuno sailburuak "erabat gaitzetsi" ditu iragan igandean Arabako hiriburuan izandako liskarrak, Udaltzaingoa eta Ertzaintza "ordena publikoa berrezartzera joan zirenean, eraikin bat legez kanpo okupatu ostean".

Josu Erkorekak salatu duenez, ertzainei "segada egin eta bortizki eraso zieten". Segurtasun Sailaren arabera, sei ertzain zauritu ziren; horietatik bost bajan daude jasandako lesioengatik, eta bi polizia-ibilgailuri kalteak egin zizkieten, pneumatikoak zulatuta.

Segurtasun Sailak azaldu zuenez, larunbatean 'Emantzipatzeko eskubidea borrokatu' lelopean, egindako mobilizazioaren ondoren, gazteen lehen talde bat Arkupeko ibilbidearen eraikin baten inguruan biltzen hasi zen.

Hasiera batean, udaltzainak barrura sartzen saiatu ziren, okupazioan parte hartzen ari ziren pertsonak identifikatzeko, baina Alde Zaharretik zetozen gazte gehiago batzen hasi ziren, erresistentzia pasiboa eginez eta Poliziaren lana galaraziz. Hori dela eta, ertzainak ere bertaratu ziren, eta 200 lagunetik gorako talde batek harrera egin zien, "oso modu bortitzean, ostikadekin, kolpeekin eta objektuen jaurtiketarekin".

Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) bertsioa, ordea, oso bestelakoa da. GKSko bozeramaileek igandean azaldu zutenez, lau pertsona ospitaleratu behar izan zituzten, hainbat pertsonei odol-zauriak egin zizkieten, 25 pertsona baino gehiago zauritu zituzten eta pertsona bat atxilotu zuten. "Gazteok jipoitzea nahikoa ez eta, hainbat komunikabideren laguntzarekin, poliziak bere burua biktima bezala saldu du, nahiz eta argi dagoen beraiek direla jarrera oldarkorra eduki duten bakarrak", salatu zuten.

Hala, gertatutakoaren harira "poliziaren jazarpena eta poliziaren arduradun politikoek duten erantzunkizuna" salatu nahi izan zuten; eta, era berean adierazgarria deritzote "alderdi politiko batek ere ez salatzea honako gertakariak. Hauteskunde kanpainan ahoa bete dute gazteriaren aldeko mezuekin, gazteriaren lan eta bizi baldintzak hobetzeko neurriak hartuko dituztela behin eta berriro adieraziz. Baina horiek hitz hutsak baino ez direla frogatzen dute bart gauekoa bezalako gertakariek".

Era berean, Sare Antifaxistak poliziaren jokabidea salatu du gaur. Hala, "Gasteizko kargak oso gaizki" amaitu zitezkeela adierazi du. "Berriro ere euren protokoloak urratuz, euren 'defentsak' beisboleko bate gisa erabili dituzte, ekintzaileen gorpuak modu sadiko batean astintzeko", kritikatu du zaurituen irudiak erakusten dituen txio batean. Gainera, "batzuen isiltasuna" azpimarratu du, "ez da soilik kasu honetan, baizik eta Ertzaintzaren indarkeria orgiaren aurrean, ultraeskuindarren esku-sartzeak markatuta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Araba Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Gazteak Etxebizitza