Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Sanchezek defizit demokratikoa dagoela esatea txalotu du Aizpuruak, baina "neurriak" eskatu dizkio

EH Bilduren diputatuaren arabera, autogobernuaren inguruan EAEn eta Nafarroan akordio sendoak lortu eta Madrilera joateko momentua da.

Mertxe Aizpurua, Euskadi Irratian
Mertxe Aizpurua, Euskadi Irratian
Mertxe Aizpurua, Euskadi Irratian

O. A. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mertxe Aizpurua EH Bilduren Diputatuen Kongresuko bozeramaileak txalotu egin du Pedro Sanchezek, lehen aldiz, Espainiako Estatuan defizit demokratikoa dagoela esatea, baina hitzetatik harago, ekintzak eskatu dizkio epe motzean. Horren esanetan, demokrazia falta bat dagoela esatea "ondo dago, orain neurriak jartzea tokatzen da".

Sanchezek Espainiako Gobernuko presidente karguan jarraitzea erabaki ondoren, Aizpuruak denbora eman nahi dio gobernuburuari eraberritze demokratikoa gauzatzeko neurriak zehazteko. Hala ere, "laster" zehaztapenen bat izatea espero du, osterantzean, uste baitu egia izango dela dena estrategia bat izan dela.

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, defizit demokratikoaren hainbat adibide jarri ditu Aizpuruak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren blokeoari dagokionez, uste du lege aldaketa bat egitea eta gehiengoak aldatzea dela Botere Judizialaren gobernu organoa berritzeko modu bakarra. Sasi-hedabideen jardunari buruz galdetuta, adierazpen askatasuna bermatu behar dela azpimarratu du EH Bilduko ordezkariak, baina beti ere argi utzita gezurrak argitaratzea eta iraintzea ezin dela doakoa izan. Ildo horretan, Europan ez bezala, ultraeskuina Estatuko egituretan sartuta dagoela argi utzi nahi izan du.

Europako hauteskundeak pasa eta uda igaro arte Kongresuan osoko bilkura gutxi egongo direla baliatuta, datozen asteak eraberritze demokratikoan aurrera egiteko baliatzea espero du Aizpuruak.

Amaitzeko, autogobernua berritzeko momentua "orain" dela nabarmendu du Aizpuruak, eta Madrilera joan aurretik EAEn eta Nafarroan akordio "sendoak" lortzea defendatu du. Horren iritziz, ezin da jakin bi urte barru zein izango den egoera Madrilen: "Momentuak aprobetxatu egin behar dira eta arduragabekeria handia litzateke aukera horiek ihes egiten uztea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Politika Espainia albisteak Alderdi politikoak albisteak Pedro Sánchez argazkiak EH Bildu Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Euskadi Irratia