Teknologia -

Sare sozialak

Instagram, WhatsApp eta Facebooken jabea den Metak Threads merkaturatu du, Twitterrekin lehian sartuz

Mark Zuckerberg Metako presidenteak azald du eskuragarri jarri ondoren lehen zazpi orduetan 10 milioi deskarga izan dituela. Europar Batasunean eta Android sistemadun telefonoetan ez dago eskuragarri momentuz.

Threadsen irudi korporatibo berria. Argazkia: EFE.
Threadsen irudi korporatibo berria. Argazkia: EFE.
Threadsen irudi korporatibo berria. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Teknologiaren munduan enpresa erraldoia den Metak bat-bateko mezuak zabaltzeko balio duen aplikazio berria sortu du, Threads (hariak ingelesez). Bere jabegokoak diren Facebook, WhatsApp eta Instagramez gainera, produktu berri hau merkaturatu dute Twitterrekin lehiatzeko asmoz. Android telefonoetarako eta Europar Batasunerako, ordea, ez dago eskuragarri momentuz. Azken honen kasuan, EBko datu babeserako legearekin arazoak izan dituzte.

Sare sozial berria asteazkeneko 23:00 GMT orduan jarri zen eskuragarri, iragarritakoa baino lehenago. Nahiz eta aspalditik garapen honekin lanean aritu, Zuckergbergen taldeak merkaturatzea aurreratu zuen Twitterrek iragarri zituen azken mugen ondotik.

Martxan jarri eta lehen zazpi orduetan 10 milioi deskarga izan dituela jakinarazi du Mark Zuckerbergek berak.

Sortzaileen arabera, aplikazio honetan "edozein gairi buruz eztabaidatzeko elkartu ahal izango dute komunitateek, gaur egun dituzten interesei buruz zein etorkizunean joera izango denari buruz". Testu bidezko argitalpenen bidez, ideiak, iritziak eta sormena trukatzea izango da helburua. Horrez gainera, sortzaile gustukoenak edota bestelako erabiltzaileak jarraitzeko eta haiekin konektatzeko aukera ere ematen du.

Twitterren oso antzerakoa den itxura du Threads plataforma berriak eta, aplikazio independentea izanik ere, Instagramekin harremana dauka. Alegia, Instagrameko erabiltzaile kontuaren bidez sartu daiteke aplikazio berriak eta erabiltzaile-izen eta argazki  berberak erabiltzen ditu. Horrela, Instagramen jarraitzen diren kontuak Threadsen jarraitzeko aukera ere ematen du.

Azkenik, sare sozial berriaren beste ezaugarri bat da espazio zabala izango dela eta Mastodon bezalako sareetara konektatzeko aukera emango duela; izan ere, Activity Puv protokoloa izango du laster.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Twitter WhatsApp Sare sozialak Eguneko albisteak Albisteak Instagram Internet