Hauteskunde Orokorrak -

A28

Balizko itunak: Pedro Sanchezen aukerak gobernatzeko

PSOEk gehiengoa lortuko du ezkerreko alderdiekin eta nazionalistekin bat eginez gero, baina Ciudadanosekin ere izan dezake.

Pablo Iglesias eta Pedro Sánchez. EFE
Pablo Iglesias eta Pedro Sánchez. EFE
Pablo Iglesias eta Pedro Sánchez. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEk hauteskunde orokorrak irabazi ditu, 123 diputatu lortuta, eta ezkerreko indarrekin eta abertzaleekin gobernatzeko aukera du; izan ere, PPk hondoa jo du. Alderdi Popularrak bere historiako emaitzarik txarrenak lortu ditu, 71 diputatu galduta. Guztira, aurreko hauteskundeetan baino 66 eserleku gutxiago eskuratu ditu.

PSOEk EAJren sei eserlekuak beharko lituzke gehiengoa izateko, eta baita beste alderdi txiki batzuenak ere, ERCrenak, besteak beste. Inbestidurarako, ERCko 15 diputatuen babesa beharko du, presidentea aukeratzeko giltza izan baitezake, hautagaia babestuz edo bigarren itzulian abstenituz.

Era berean, PSOEren eta Ciudadanosen arteko itunari ateak zabalik utzi dizkio emaitzak; izan ere, 179 eserleku batzen dituzte (176 behar dira gehiengo absolutua izateko). Hala ere, Albert Rivera Ciudadanoseko buruak aukera hori baztertu du hauteskunde gauean bertan. Batuketak emanez gero Riverak iritziz aldatu zezakeela pentsatzen zutenei horrela erantzun die, alderdiko zuzendaritzak Sanchezekin ez hitzartzeko otsailean hartutako erabakiari jarraituz.

Aitzitik, Riverak oposizioko buruzagitza bere gain hartu du, PPren gainbeheraren ondotik. Izan ere, Ciudadanos PPrengandik 9 eserlekutara gelditu da.

Beste edozein aukera osatzeko, Unidas Podemos beharko luke, baina ez litzateke nahikoa izango; izan ere, PSOEk eta Unidas Podemosek 165 ordezkari batuko lituzkete. Hala ere, oraindik beste 11 diputaturen babesa beharko lukete.

PSOE (123), Unidas Podemos (42), EAJ (6), Coalicion Canaria (2), Compromis (1) eta Kantabriako Alderdi Erregionalistaren (PRC) artean 175 ordezkari dituzte, gehiengo absolututik batera.

Sanchezek katalanekin negoziatu nahi ez badu, EH Bildurekin kontatu beharko du ezinbestean. PSOE (123), Unidas Podemos (42), EAJ (6), Compromis (1) eta Kantabriako Alderdi Erregionalista (1) elkartuta, 173ra iristen dira. Coalicion Canariarekin 175era helduko lirateke, gehiengo osotik batera. Kanariarrekin beharrean EH Bildurekin adostuz gero (4), 177ra iritsiko lirateke.

Beraz, Ciudadanosekin itunik egiten ez badu, gutxienez alderdi independentista baten babesa edo abstentzioa beharko du Sanchezek gobernua osatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Hauteskunde orokorrak Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak