Udal eta Foru Hauteskundeak -

Zortzigarren eguna

San Isidro buru-belarri sartu da kanpainan, lehen sektorea bultzatzeko

EAJk Araba nekazaritzan eta abeltzaintzan erreferente bihurtu nahi du. EH Bildu, nekazaritza sektorearen alde. PSE-EE, Donostian aldaketan laguntzeko prest. PPk Gasteizko erdigunea bultzatu nahi du.

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJ

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusi izateko EAJren hautagaiak hitza eman du gaur lurraldea "erreferente" bihurtzeko Euskadin, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreetan.

Gonzalez Aialako eskualdean izan da, Arespalditza herriko San Isidro ferian, eskualdeko hautagaiekin batera eta, bertan, lehen sektorea dela hartuko dituen konpromisoak aurkeztu ditu.

Gonzalezek Arabako lurraldean sektore horrek izan duen "atzerapena" gogorarazi du eta, azaldu duenez, joera eteteko beharrezkoa da elikagaiak sortzeko gaitasuna mantentzea, kanpotik ahalik eta laguntza gutxien jasota.

Bestalde, Markel Olano Gipuzkoako hautagai nagusiak "atez atekoaren" sistema bertan behera uzteko konpromisoa hartu du. Olanoren ustean, "Bildu (sistema hori) inposatzen saiatu da, zabortegia beharrezkoa ez zela izango esanez".

EH Bildu

Kike Fernandez de Pinedo Arabako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaiak ziurtatu egin du elikagaien burujabetza koalizioaren "ardatz nagusietakoa" dela.

Fernandez de Pinedo Arespalditzako San Isidro ferian izan da, Nerea Martinez Cerrillo Aialako hautagai nagusiarekin eta eskualdeko beste hainbat kargudunekin batera.

Gainera, arratsaldean egindako ekitaldi batean, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate eta alkategaiak (EH Bildu) "gehien behar dutenen auzoetan inbertitzea" defendatu du, "ekonomia suspertzeko".

Bestalde, Hasier Arraiz Sorturen presidente eta EH Bilduren legebiltzarkidea "atsekabetuta" azaldu da Pablo Iglesias Podemoseko buruarekin, bere ustean, "Euskal Herriari dagokionez, Alderdi Popularra da agenda politikoa markatzen duena".

PSE-EE

Ernesto Gasco PSE-EEren Donostiako alkategaiak EAJri argitzeko eskatu dio ea "hiriaren gobernua aldatzeko prest" ote dagoen.

Easo enparantzan egindako ekitaldi batean, Gascok "maiatzaren 25etik aurrera gobernu aldaketa baten alde egingo duen ala ez" argi esateko eskatu dio Eneko Goia hautagai jeltzaleari.

Alfonso Gil PSE-EEren Bilboko alkategaiaren esanetan, Etxebizitzen Legeak "ez ditu zigortuko" bi etxeren jabe diren familiak, baizik eta "60.000 milioi euro jaso dituztenak zigortu ditu", finantza-entitateak direla eta.

PP

Javier Maroto Gasteizko alkategaiak (PP) iragarri du "larrua utziko" duela erdigunea berpizteko eta "inoiz baino bizi handiagoa emateko".

Marotok ziurtatu egin du "lehentasun handiko" helburuetako bat dela, " hiri batek arima dauka bihotza, erdigunea, bizirik dagoenean"

Halaber, Luis Eguiluz Bilboko PPren alkategaiak ohartarazi du Zorrotzaurre Artxandako parkea bezala bukatzeko arriskuan dagoela, hau da, "porrota, huts egindako proiektua".

IRABAZI

Cayo Lara Izquierda Unidako koordinatzaile nagusiaren esanetan, Espainiak "ez ditu zerbitzu publikoak pribatu egin behar, gutxi batzuen irabaziak handitzeko, ez beste lan-errefomarik, ezta soldatak jaitsi ere", baizik eta "enpresen erreforma" eta"pribatu egindakoa erreskatatzea, benetan publikoa izan dadin". Lara Donostian izan da, Irabazi-ko hautagaiekin batera.

Cayo Lara prentsaurrekoan agertu da gaur Ezker Anitzak Donostian duen egoitzan, Aranatza Gonzalez eta Amaia Martin Irabazi Gipuzkoako hautagai nagusiarekin eta Donostiako alkategaiarekin batera, hurrenez hurren.

AHAL DUGU

Roberto Uriarte Ahal Duguren idazkari nagusiak enpresa txikien eta autonomoen zeregina aldarrikatu du Bilbon, hiria berpizteko lanean. Uriartek tratu "hobeagoa" emateko, "gehiago zaintzeko" eta zerga-sistema berezia aplikatzea eskatu du, "malguagoa, diru-sarreren araberakoa".

Bilboko Erriberako Merkatuan egindako ekitaldi batean Uriartek esan duenaren arabera, merkatu hori "tradizio handikoa eta eguneratuta da aldi berean" eta ohiko merkatuek zuten eginkizuna betetzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Araba EH Bildu Nafarroa PSE-EE Euskadiko PP bideoak