Gautenako kide diren Norarekin eta Manurekin egindako elkarrizketaren bigarren zatiaz gain, Ibai Zulaika Gautenako ordezkariarekin ere hitz egiteko aukera izan du Maialen Oterminek. Hezkuntza sistemaz, zaintzaz, ardurez eta kezkez hitz egin dute, eta jakina, bai eurak eta baita seme-alabak ere hobeto egoteko zer behar duten galdetu die. Iban Onandia psikologoak eta gaian adituak biribildu du autismoaren espektroaren inguruko saioa.
Kepak 4 urte ditu, eta Leirek 29. Nora Maiza Keparen ama da, eta Manu Agirre, Leirerena. Gautenako kideak dira denak, autismoa dutenen eta senideen elkartea. Diagnosiaz eta diagnosiaren aurreko eta ondorengo bizitzaz aritu dira Maialen Oterminekin.Bertan jasotakoak Iban Onandia psikologoarekin komentatu dituzte, eta gaiaren inguruan sakondu eta beste erpin batzuk jorratzeko aukera izan dute.
Arantxa Pikabea duela 18 urte banandu zen, eta bere kasua lagunkoia izan arren, Arantxaren hitzetan, banaketa guztietan laguntza behar izaten da. Gaur egun, AGIPASE elkartean bitartekari lanetan dabil. Gaur egun, lehen baino jende gehiagok banatzea erabakitzen du, baina adin-txikikoak tartean daudenean, nola kudeatu daiteke hobeto egoera?
Izar Arregi psikologoarekin, banaketa kasuak aztertu eta, adin-txikikoei begira, zenbait gomendio eman ditu.
AGIPASE elkartean familia barruko krisiak lantzen laguntzen dute: banaketak, anai-arreben arteko liskarrak, gurasoen eta seme-alaben artekoak,... Horretarako, gizarte laguntzaileak, psikologoak, aholkulari juridikoak eta bitartekariak dituzte. Maialen Otermin euren bulegora jeitsi da, euren funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko.
Ondoren, han jasotakoak Izar Arregi psikologoarekin komentatu ditu, eta gaia zabaltzeko eta adibideak lantzeko aukera ere izan dute.
Esti Curiel aktorearekin egon da Maialen Otermin Zumaiako Aita Mari zineman. Presio estetikoa izan dute hizpide: aktore lanetan eta egunerokoan zenbatean eragiten duen: arropa erostean, lanak lortzerakoan, gorputz ereduak, sare sozialak, influenzerrak, publizitatea…
Hausnarketa horiek guztiak Jone Larrañaga nutrizionistarekin aztertu ditu estudioan. Ikuspegi psikologiko batetik, presio estetiko horrek nola eragiten duen eta nola landu daitekeen aztertu dute.
Oihana, Irati, Iraitz, Aimar, Jokin eta Izaro. 17 urteko 6 gazterekin egin du zita Maialen Oterminek Andoaingo Aita Larramendi ikastolan. Antton Aranburu irakasleak lagunduta, pornografiaz eta sexualitateaz hitz egin dute, eta gurasoekin gai hau lantzen ote duten ere aztertu. Gai asko atera dira: pornografiak aurreikuspenak oso altu jartzen dituela, sexualitatea helduekin hitz egiteko tabua dela, pornografiaz ez dela hitz egiten, sexu-delituekin duen lotura, emakumearen rola,...
Han jasotakoak Izar Arregi psikologoarekin komentatu eta zabaldu ditu estudioan.
Laukarizeko eskolako jantokiaren funtzionamendua ezagutzeko, Goizalde Mazas koordinatzailearekin eta Oihane Vega guraso eta dietistarekin bertan egon da Maialen Otermin. Janaria bertakoa, jasangarria eta bertako sukaldean prestatutakoa da. Produktu asko inguruko baserritarrei erosten dizkiete. 'Realfooding' delakoa edo benetako janaria lehenesten dute, ultraprozesatuen gainetik, bertako haurrek hobeto jan dezaten.
Hain justu, bi janari mota horiek Jone LArrañaga Elika Eskolako nutrizionista / psikologoarekin komentatu dituzte estudioan, eta eskolako adibideak aztertuz, gaia zabaldu dute.
Baliabiderik ez duten haur eta gazteei eskola partikularrak ematen dizkiete Hazi eta Ikasi elkartean. Aukera berdintasuna bermatzen saiatzen dira, eta boluntarioen lanari esker, ikasgaiak gainditzen laguntzen diete. Donostian, zenbait gune dituzte, eta horietako batera jaitsi da Maialen Otermin, haur eta nerabe hauek hobeto egoteko zer behar duten aztertzera. Gazteekin, boluntarioekin eta arduradunekin hitz egiteko aukera izan du.
Bertan jasotak aztertu eta gehiago zabaldu ditu Izar Arregi psikologoarekin.
Ongizate fisikoa eta emozionala lotuta dauden ala ez aztertzeko helburuarekin, Maialen Oterminek Leire eta Karen Juanes ahizpekin egin du zita. BItanBAt kirol gunea kudeatzen dute, eta euren kasuan, eta baita bertara joaten direnen kasuan ere, lotura hori sentitzen duten ala ez galdetu die.
Donna Apellaniz Nieto terapeuta emozional sistemikoarekin, lotura hori aztertu eta zabaldu egin dugu.
Jose Inazio eta Andoni adinekoen egoitzetara joaten dira musika emanaldiak eskaintzera. Boluntariak dira, eta altruistak. Eibarko San Andres egoitzan eskaini duten emanaldira joan da Maialen Otermin, euren esperientzia gertutik ezagutzeko.
Bukatzeko, Izar Arregi psikologoarekin, altruismoaz eta horren baitan dauden korronte eta iritzi ezberdinak landu ditu.
Nahikari, Oiane eta Lorea ama dira, eta bakoitzaren errealitatea desberdina da. 'Putas Amak' izeneko podcast bat egiten dute; euren kezkei buruz hitz egin eta hausnartzeko lekua da: amatasunaz, gorputzaz, kaosaz… hitz egin izan dute. Maialen Otermin euren grabaketa gunera joan da, kasu honetan, kontziliazioaz hitz egiteko, eta hobeto kontziliatzeko euren beharrez ere aritu dira.
Bertan jasotakoak Donna Apellaniz Nieto, terapeuta emozional sistemikoarekin landu eta zabaldu ditu.
Ainize Berrotaranek eta Iratxe Novok AGNH dutela jakin zuten, euren semeen diagnostikoa jaso zutenean. Arreta Galeraren Nahasmendua eta Hiperaktibitatea zer den, zer ondorio dituen, lantzeko moduak zeintzuk diren, eta jakina, hobeto egoteko zer behar duten jakiteko, Maialen Oterminek eurekin egin du hitzordua.
Bertan jasotakoak Iban Onandia psikologoarekin errepasatu ditu, eta gaiari berari beste ertz batzuetatik jarraipena egin diote.
Esther Retegi zaintzailea da. Estherrek Angela zaintzen du, 29 urteko alaba. FAHN izeneko gaixotasun oso arraro bat dauka, eta erabateko menpekotasuna du.
Bertan jasotakoak Izar Arregi psikologoarekin aztertu dituzte estudioan, eta gaia beste ertz batzuetara zabaldu.
Oro har, ospakizunak janariaren eta edariaren bueltan antolatzen ditugula argia da. Gabonen aitzakian, Jone Larrañaga Elika eskolako dietista eta nutrizionista Maialen Oterminekin egon da, gabonetako gehiegikeriei aurre egiteko gomendioak emateko, eta oro har, elikadurak ongizatean duen eraginaz hitz egiteko
Amaia Urrutia Gurutzeta ospitaleko Loaren Unitateko neumologoa da. Maialen Otermin bertara joan da, lekua bertatik bertara ezagutu ahal izateko, loarekin lotutako arazoak identifikatzeko, eta arazo horiei aurre egiteko neurriak zeintzuk diren argitzeko. Era berean, Iban Onandia psikologoarekin, haur eta nerabeen lo egiteko arazoez aritu dira.
Nora Aiertza adimen gaitasun handia duen nerabearekin hitz egin ondoren, Donostiako San Luis La Salle ikastetxean egon da Maialen Otermin, bertako Zabaltze gelaren nondik norakoak ezagutzeko. Unai Ramon irakaslearekin eta Virginia Cresporekin, adimen gaitasun handia duen neskato baten amarekin, hitz egin du. Izar Arregi psikologoarekin, bertatik ateratako ondorioez, eta oro har, behar bereziak dituzten ikasleei buruz hitz egin du.
Ager Solabarrietari 28 urterekin esan zioten itsu geldituko zela. Etxean gelditu ez, eta informatika ikastaro bat egiten hasi zela, karabina jaurtiketa deskubritu zuen. Gaur egun, munduko txapelduna da. Bere entrenamendu batean egon da Maialen Otermin, Agerrekin eta bere gida eta emazte den Maite Badiolarekin. Bertan jasotakoak eta bestelakoak Uxue Otxoarekin, goi-mailako kirolarien psikologoarekin komentatu dituzte.
Nora Aiertzak 16 urte ditu. Ikastetxean, maila bat aurreratuta doa; adimen-gaitasun handia duen gaztea da. Baina adimen-gaitasun handia izateaz gain, nerabea da. Eta nerabe batek berez dituen kezkak ere baditu. Maialen Oterminekin estudioan egon da, Izar Arregi psikologoarekin batera. Hiruren artean, bere kezkak zeindiren, eta hobeto egoteko zer behar duen izan dute hizpide.
Manex Beristainek, bere bikotekidea hildakoan, ohiko irakaskuntza utzi eta barruan zeuzkan harrak atera zituen: Death Cafe delakoei, barreterapiari eta idazteari ekin dio. Bizitzaz eta heriotzaz, baina batez ere, barreaz hitz egin du Maialen Oterminekin, bere familiaren baserriko lorategian. Estudioan, aldiz, Iban Onandia psikologoarekin, elkarrizketatik ondorioak errepasatu ditugu.
Lide Treku haur eta nerabeen psikologoa da, eta Maialen Otermin bere kontsultan egon da, jostailuz inguratuta. Jolasterapia elkarteko sortzaile eta kide ere bada Lide, eta jolas-terapia zer den, eta zertarako balio duen azaldu digu. Era berean, egunerokoan, jolasek duten garrantziaz eta jolasek eragiten duten onurez hitz egin du. Bestalde, Laura Ruizekin ere egon da Maialen Usansolon. Laura nerabeen irakaslea da, eta Jolasterapia eskolako ikasle.
Izan Inurri elkarteko Julene Ilarramendik eta Olatz Mercaderrek (min)biziaz eta horren inguruko podcastaz hitz egin digute; euren esperientziak partekatuz, hobeto sentitzen baitira. Izar Arregi psikologoarekin, elkarrizketatik ateratako ondorioak errepasatu ditugu.
Aitor Bedialauneta eta Alba Diaz Euskal Gorrak Federazioko kideek hobeto egoteko dituzten mugak zerrendatu dituzte. Ainhoa Atxa interpreteak egin du posible elkarrizketa. Donna Apellaniz adimen emozionalean adituarekin osatu dugu saioa.