Itxi

Athletic Club

1-0, San Mamesen

Garaipena, ligako partidarik onenean

Erredakzioa

Aritz Adurizek lehen zatian egin du gola, lesionatu eta berdegunea utzi behar izan aurretik. Zuri-gorriek bi garaipen jarraian lortu dituzte, eta Xabi Etxeitak partida bikaina egin du.

Athleticek eta Sevillak San Mamesen jokatu dute BBVA Ligako hamargarren jardunaldiko partida. Ernesto Valverderen taldeak, Almerian garaipena eskuratu ondoren, zaleen aurrean ere emaitza ona lortu behar zuen.

Lehen zati bikaina egin dute zuri-gorriek, sasoian dagoen Sevillaren kontra. Gola laster heldu da, Aritz Adurizek boleaz egin du partidako 12. minutuan neurketaren gol bakarra. Minutu batzuk geroago, berdegunea utzi behar izan du, lesionatuta. Guillermo gazteak ordeztu du.

Zuri-gorriak jaun eta jabe izan dira lehen zatian, nahiz eta Sevilla aurre egiten saiatu. Valverderen gizonek kontrolpean izan dute partida.

Bigarrenean, neurketa parekatu egin da, Unai Emeryk Gameiro eta Banega sartu baititu jokatzera.

Athleticek emaitzari eusteko egin du lan bigarren zatian; Xabi Etxeita bikain ibili da defentsan, eta partidako jokalari onena izan da.

Fitxa teknikoa

1 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Etxeita, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Rico, De Marcos; Susaeta (Aketxe, 61'), Muniain (Gurpegui, 82') eta Aduriz (Guillermo, 28').

0 - Sevilla: Beto; Coke, Nico Pareja, Carriço, Tremoulinas; Krychowiak, Mbia (Banega, 46'); Aleix Vidal, Carlos Suarez, Vitolo (Gameiro, 46'); eta Bacca (Iago Aspas, 70').

Gola:

1-0, Aritz Aduriz 12'