Itxi

Athletic Club

San Mamesen

Athleticek Bartzelonaren aurkako errebantxa nahi du Superkopan

Agentziak | Erredakzioa

Zurigorriek Bartzelona hartuko dute, Europa Ligako taldekako faserako bidearen erdian, eta blaugranak nekatuta iritsiko dira San Mamesera, Europako Superkopa irabazi ostean.

  • Athletic, Superkopa prestatzen / EFE.

    Athletic, Superkopa prestatzen / EFE.

Athletic eta Bartzelona aurrez aurre arituko dira berriro, ostiralean 22:00etan San Mamesen, Espainiako Superkoparen joaneko partidan. Titulu bat irabazteko aukera izango dute bilbotarrek, taldea Zilinaren aurkako play-offa prestatzen dabilen artean. Kanporaketa hori igarota, Europa Ligako taldekako fasean sartuko lirateke.

Sevillari Europako Superkopa irabaztetik dator Bartzelona, baina neurketa luzapenean erabaki zen, zortzi golen ostean. Jokalariek titulua altxatu zuten, baina indar gehiegi gastatu zuten, eta jakina da prestaketa fisikoa ez dela onena uda partean.

Blaugranek denboraldiko bosgarren titulua nahi dute, seikotera bidean. Saihesteko, Ernesto Valverdek Bartzelonaren nekea aprobetxatzeko talde bat zelairatuko du, astelehenean Camp Noura bizirik heltzeko. Hala ere, lesioek arazotan jarri ahal dute talde zurigorria.

Ander Iturraspe, Mikel Rico eta Iñaki Williams baja garrantzitsuak dira; Iker Muniain ere bai, luzerako lesioarekin. Mikel San Jose eta Beñat Etxebarria erdiko erdilarien ordezko onak dira.

Sabin Merino katxorroa hasierako hamaikakoan egon daiteke, baina ez dago konfirmatuta. Atepean nor egongo den ere ez du esan Valverdek. Hamaikakoa honakoek osatu ahalko lukete: De Marcos, Etxeita, Laporte, Balenziaga; San Jose, Beñat; Susaeta, Eraso, Sabin; eta Aduriz.

Athleticek irabazitako azken titulua, hain zuzen, 1984-85 denboraldiko Superkopa izan zen. Ez zuen jokatu, automatikoki eskuratu baitzuen, Liga eta Kopako irabazle bezala. Arauak aldatu zituzten, eta orain Kopako txapeldunorde bezala Superkopa jokatzea dagokio, Bartzelonak bi txapelketak irabazi zuelako.

Bartzelona nekatuta prestatzen ari da partida. Luis Enriquek asteazkeneko entrenamendua bertan behera utzi zuen, Georgiatik beranduegi itzuli zirelako, eta atsedena eman zien jokalariei.

Jordi Alba eta Douglas Pereira lesionatuta ditu; Arda Turan eta Aleix Vidal ez daude inskribatuta, FIFAren zigorragatik, eta Neymar gaixo dago.

Claudio Bravo Ter Stegenen ordez jartzeko aukera dago, Sevillaren aurka ez zelako oso fin ibili. Atzean, Adriano Mathieuren ordez sar dezake Valverdek ezkerrean. Zelai erdian, Sergi Robertok joka lezake Rakiticen ordez, nekatuta dagoelako, eta Pedrok hasieratik jokatzeko saria izan.

USTEZKO HAMAIKAKOAK

Athletic: Iraizoz; De Marcos, Etxeita, Laporte, Balenziaga; San Jose, Beñat; Susaeta, Eraso, Sabin; eta Aduriz.

Bartzelona: Bravo; Dani Alves, Piqué, Mascherano, Adriano; Sergio Busquets, Sergi Roberto, Iniesta; Messi, Luis Suarez eta Pedro.