Itxi

Athletic Club

Europa Ligan

Aduriz errege, bost golekin, Athleticen garaipenean (5-3)

Agentziak | Erredakzioa

Zuri-gorriek Genk taldeari irabazi diote San Mamesen jokatutako partida zoroan. Bost goletatik hiru penaltiz egin ditu Athleticeko aurrelari donostiarrak.

3:21

Aritz Adurizen gau magikoak 5 eta 3ko garaipena eman dio Athletici Genken aurka Europa Ligan jokatutako partidan. Bilbotarrek behar-beharrezkoa zuten garaipena, lehiaketan jarraitzeko estutasunak ekiditeko.

Adurizek egindako bost goletatik hiru penaltiz izan dira, Genkeko jokalariek penalti argiak egin baitizkiete Iker Muniaini, Raul Garciari eta Iñaki Williamsi. Lehen gola, berriz, eskumarekin egindako erremate baten bidez egin du gipuzkoarrak, eta laugarrena ezkerrarekin, Yerayk emandako pase bikaina aprobetxatuz.

Bost gol egin arren, lehoiak estu eta larri ibili dira neurketako momentu askotan. Genkek norgehiagoka bikaina jokatu du, eta Athleticen aldea murriztu du hiru aldiz, Leon Bayleyren (2-1), Wilfred Ndidiren (3-2) eta Tino-Sven Susicen golei esker (4-3).

Bestalde, bi taldeei mesede egin die Sassuoloren eta Rapid Vienaren arteko partidaren emaitzak. Bina egin dute eta, horri esker, F multzoko lehen bi postuetan dira Genk eta Athletic, lau jardunaldiren ostean.

Lehen postuan belgikarrak daude, golen arteko diferentzia alde dutelako. Ernesto Valverderen taldea bigarren da, gaurko partida zaila aurrera atera ostean.

 

Fitxa teknikoa:

5 - Athletic: Iago Herrerín; De Marcos, Yeray, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Mikel Rico; Susaeta (Williams, 76. min), Raúl García (Eraso, 88. min), Muniain (Sabin Merino, 83. min); Aduriz.

3 - KRC Genk: Bizot; Castagne, Colley, Brabec, Nastic (Walsh, 75. min); Ndidi, Susic, Pozuelo; Bailey, Buffel (Trosard, 75. min) eta Samatta (Karelis, 83. min).

Golak: 1-0, 8. min: Aduriz. 2-0, 24. min: Aduriz, penaltiz. 2-1, 28. min: Bailey. 3-1, 44. min: Aduriz, penaltiz. 3-2, 50. min: Ndidi. 4-2, 74. min: Aduriz. 4-3, 80. min: Susic. 5-3, 94. min: Aduriz.

 


t="utf-8">