Itxi

Eibar

6-1, Camp Nou-n

Bartzelonak Eibar azpiratu du Messiren eskutik

ERREDAKZIOA

Armaginek ondo ekin diote lehiari, baina 2-0 galtzen joan dira atsedenaldira, eta ez dira gai izan markagailuari buelta emateko.

2:44

Eibarrek men egin behar izan du lau gol sartu dituen Messi geldiezin baten aurrean, eta esku-hutsik itzuli behar izan du Bartzelonatik, nahiz eta estutasunetan jarri duen Valverderen taldea norgehiagokako hasierako minutuetan. Izan ere, jasotako porrota handia izan arren, Bartzelonari kostatu egin zaio lehian sartzea, eta markagailuak atsedenaldian islatzen zuen 2-0ekoa baino askoz gehiago merezi izan du Eibarrek lehen zatian.

Partidako lehen aukera garbia armaginentzat izan da, 4. minutuan, baina Sergi Enrichek ez du asmatu atezainaren aurrean. Bigarren aukera Iniurena izan da, baina ez da aurrekoa bezain argia izan.

Alabaina, Valverderenak Dmitrovicen atera lehen aldiz gerturatu direnean, epaileak zalantzazko penalti bat adierazi du, Galvezek Semedori ustez egindakoa. Messik ez du barkatu, eta Bartzelona aurretik jarri du 20. minutuan.

Golak min egin dio Eibarri. Presionatzen jarraitu du, baina hortik aurrera ez da kontrako areara horrenbeste heldu.

Aitzitik, 38. minutuan, korner baten ostean, Paulinho brasildarrak katalanen bigarrena egin du buruz, eta gol horrekin armaginen esperantzak bertan behera geratu dira.

Bigarren zati zoroa

Bigarren zatian, partida zoratu egin da. Bartzelonak hasieratik izan du kontrolpean partida, eta bazirudien eibartarrek ez zutela aukerarik ikusten emaitzari buelta emateko.

Joan-etorriko norgehiagoka bihurtu da, eta espazio askorekin Bartzelonak bere dohainik onenak erakutsi ditu, eta hiru gol egin ditu hamar minuturen buruan.

3-0ekoa Denis Suarezek sartu du, 53. minutuan. Dmitrovic atezainak Messik egindako jaurtiketa bat aldaratu besterik ezin izan du egin, eta galiziarrak baloia sareratu du.

Lau minutu geroago, 57. minutuan, Sergi Enrichek aldea murriztu du, ezker hegaletik Juncak egindako erdiraketa paregabeari amaiera ezin hobea emanda. Haatik, Messik goitik behera irauli du partida, berak sartu baititu bere taldearen hurrengo hiru golak, 59., 62. eta 87. minutuetan.

Azken gola heldu aurretik Eibarrek baloi bi jo ditu zutoinen kontra, bigarren zatian zelairatu diren Peñak eta Charlesek, hain zuzen ere.

Fitxa teknikoa:

6 - Bartzelona: Ter Stegen; Semedo, Mascherano, Piqué, Digne; Busquets (Rakitic, 65. min), Paulinho, Iniesta (Sergi Roberto, 63. min); Denis Suarez, Messi eta Deulofeu (Aleix Vidal, 75. min).

1 - Eibar: Dmitrovic; Arbilla, Oliveira, Galvez, Junca; Capa (Peña, 65. min), Escalante, Dani Garcia (Rivera, 77. min), Inui, Jordan; eta Enrich (Charles, 72. min).

Golak: 1-0, 20. min: Messi, penaltiz. 2-0, 38. min: Paulinho. 3-0, 53. min: Denis. 3-1, 57. min: Sergi Enrich. 4-1, 59. min: Messi. 5-1, 62. min: Messi. 6-1, 87. min: Messi.

Epailea: Hernandez Hernandez. Txartel horiak: Capa (10. min) eta Galvez (80. min).