Itxi

Eibar

Errege Kopa

Eibarrek hamaikakoa eraldatuko duen Celta izango du aurkari

Agentziak | Erredakzioa

Asier Riesgo atepera bueltatuko da, eta, hortik aurrera, ez da erraza jakitea Eibarren entrenatzaileak zer erabakiko duen.

3:08

Eibar behartuta dago onbidera itzuli eta arerioaren ate aurrean eraginkorragoa izatera. Hori guztia hamaikakoa goitik behera eraldatuko duen Celtaren aurrean egin beharko du, Errege Kopako final-hamaseirenetako joaneko partidan.

Mendilibarren taldeak ezohikoa den lesio izurritea ari da pairatzen, eta norgehiagoka horretarako Dani Garcia, Escalante eta Ander Capa ere baja izango dira arazo fisikoengatik, nahiz eta jokatzeko moduan egon daitezkeen Levanteren aurka igandean jokatzekoa den norgehiagokarako.

Horrenbestez, Bernabeun jokatu zuten jokalarietako hainbatek ezin bestean jokatu beharko dute Celtaren aurka, nahiz eta Mendilibarrek bigarren taldeko bi jokalari (Julen Lopez eta Sarriegi) deialdian sartu eta horietako bat hasieratik arituko dela baieztatu.

Asier Riesgo atepera bueltatuko da, eta hortik aurrera ez da erraza jakitea Eibarren entrenatzaileak zer erabakiko duen.

Egia da Enrich eta Kike Garcia ez zirela hasierako hamaikakoan zelairatu Bernabeun, baina zaila dirudi biek 90 minutuak jokatzea, kontuan hartuta Eibarrentzat igandeko lehia garrantzitsuagoa izan litekeela.

Bere aldetik, Juan Carlos Unzuek hasierako hamaikakoa erabat aldatu eta gogotsu ekingo dio Kopako txapelketari azken bi urteetan finalerdietara heldu ostean. Entrenatzaile galiziarrak talde osoa gertu egotea nahi du, eta Ligan jokatzen ez dutenei aukera emango diete.

Hjulsager edo Guidetti, besteak beste, hasieratik ari daitezke, baita Radoja serbiarra ere, belaunean zeukan lesioa gainditu eta gero.

Zalantza handiena da nor izango den eskuin hegalekoa; izan ere, itxura denez, Hugo Mallok atsedena izango du, Atleticoren aurrean jokatu eta gero, eta haren ordez litekeena da Unzuek Daniel Wass jartzea, Las Palmasen kontra ere hala egin baitzuen.

Balizko hamaikakoak:

Eibar: Riesgo; Arbilla, Lombán, Gálvez, Juncá; Julen López, Rivera; Bebé, Peña, Inui; eta Enrich.

Celta: Sergio Álvarez; Wass, Cabral, Fontás, Jonny; Radoja, Jozabed, Brais Méndez; Emre Mor, Hjulsager eta Guidetti.

Epailea: Alberto Undiano Mallenco (Nafarroako batzordea)

Futbol-zelaia: Ipurua

Ordua: 21:30