Itxi

Eibar

Espanyolen aurka

Garaipenaren bidera bueltatu da Eibar (0-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

David Lombanek buruz sartutako gol batek hiru puntuak eman dizkio berriz ere talde armaginari, sei partida garaipenik lortu gabe igaro ostean.

  • Eibarreko jokalariak gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Eibarreko jokalariak gola ospatzen. Argazkia: EFE

Eibarrek garaipena lortu du Espanyolen etxean, sei jardunaldi norgehiagokarik ezin irabazita ibili ondoren, David Lombanek lehen zatiko ordu erdia bete berritan egindako gol bati esker. Neurketak argi utzi du talde katalanak denboraldi amaiera honetan bizi duen bolada txarra.

Jose Luis Mendilibarren taldeak baliatu egin du RCDE Stadium zelaian etxekoen entrenatzailearenganako (Quique Sanchez Flores) zein jokalarienganako zegoen giro gaiztoa, eta giro hori are zitalago bihurtu dute Pedro Leonek ateratako estrategia jokaldien bidez. Lehendabiziko abisua Joan Jordanek eman du zutoinera errematatuz, nahiz eta epaileak jokaldia baliogabetu egin duen. Bigarrenean, ordea, David Lombanek asmatu egin du 33. minutuan. Leonek ateratako korner batean baloia sare barrura eraman du.

Bigarren zatian, etxekoak gehiago hurbildu dira Dmitrovicen inguruetara, lehen zatian ezinean ibili eta gero, baina ideia gutxirekin eta aukera garbirik izan gabe.

Dena den, hurbilketa horietako batean, Gerard Moreno berdinketa lortzeko zorian egon da, baina Eibarren atezain serbiarrak jaurtiketa desbideratu ahal zan du. Perikitoen azken ahaleginak ez dira nahiko izan, eta, azkenerako, partida behin galduta, Espanyolen zaleek euren atsekabea azaldu dute txistukada handi batekin.

Fitxa teknikoa:

RCD Espanyol 0: Pau Lopez; Javi Lopez, David Lopez, Mario Hermoso, Aaron; Victor Sanchez (Melendo, 67. min), Carlos Sanchez, Darder, Piatti (Sergio Garcia, 46. min); Gerard Moreno eta Leo Baptistao (Marc Navarro, 79. min).

SD Eibar 1: Dmitrovic; Capa, Oliveira, Lomban, Jose Angel; Escalante, Dani Garcia (Diop, 85. min); Pedro Leon, Jordan, Ivan Alejo (Junca, 90. min) eta Ruben Peña (Kike Garcia, 80. min).

Golak: 0-1, 32. min: Lomban.

Epailea: Hernandez Hernandez. Txartel horiak: Mario Hermoso, Javi Lopez eta Victor Sanchez (Espanyol); Capa (Eibar).