Itxi

Osasuna

1-1

Osasunak puntu bat besterik ez du lortu Mallorcaren aurka

Erredakzioa

Gorritxoek bana berdindu dute Iberostar zelaian eta 9. postura jaitsi da Adelante Ligako sailkapenean. Ortuñok sartu du partidako lehen gola (1-0) eta Roberto Torresek penaltiz egin du 1-1ekoa.

Osasunak bana (1-1) berdindu du Mallorcaren aurka Iberostar zelaian eta puntu honekin, bederatzigarren postura jaitsi da Adelante Ligako sailkapenean. Gorritxoek bi puntura dituzte playoff postuak.

Lehen zatian lehia bizia izan dute bi taldeek zelai erdian, baina abaguneak oso urriak izan dira. Ez Mallorca ezta Osasuna ere, ez dira baloiaren jabe egiteko gai izan. Hasierako 20 minutuetan ez da abagunerik izan; 23. minutuan, ordea, partidako lehen gola iritsi da. Mallorcak 1-0ekoa sartu du Ortuñoren bitartez. Lehen aukeran ez du kale egin Mallorcak. Gola jaso ostean, gorritxoek berdinketa lortzeko abagune ezin hobea izan dute, baina Wellenreuther atezainak Osasunaren gola eragotzi du Ninoren erremateari erantzun bikaina emanda.

Nafarroako taldea bizi zelairatu da bigarren zatian eta 49. minutuan Osasunaren aldeko penaltia adierazi du epaileak. Adamsek Ninori egin dio penaltia eta Roberto Torresek banakoa (1-1) sartu du hamaika metroetatik. Berdinketa lortu ondoren, gorritxoak egin dira baloiaren jabe eta Mallorcaren ate ingurura arriskua eraman duten arren, Osasunari kosta egin zaio abagune argiak sortzea. Enrique Martin Monrealek zuzentzen duen taldeak kontrolpean izan du partida, baina 89. minutuan Mallorca ezustekoa emateko zorian izan da; abagune ona izan du Baleareetako taldeak eta Manuel Sanchezek atepetik atera du baloia, gola eragotziz. Amaieran, puntu banaketa Iberostar estadioan.

Fitxa teknikoa:

1- Mallorca: Wellenreuther; Campabadal, Kasim Adams, Aveldaño, Oriol; Salomao (Lago Junior, 68. min), Sissoko, Sabater, Arana (Brandon, 81. min); Colunga (Oscar Diaz, 75. min) eta Ortuño.

1- Osasuna: Nauzet; Javier Flaño, Tano, Miguel Flaño, David Garcia, Oier; Otegui (Olavide, 46. min), Manuel Sanchez, Roberto Torres; Alex Berenguer (Kenan Kodro, 74. min) eta Nino (Urko Vera, 82. min).

Golak: 1-0, 22. min: Ortuño; ; 1-1, 50. min: Roberto Torres, penaltiz.

Epailea: Lopez Amaya.

g> Lopez Amaya.