Itxi

Futbola

Ostegunean iragarri dituzte

Iker Unzueta eta Angel Troncho, biak utzita, eta Unai Bustinza, fitxatuta, Amorebietako jokalari berri

EITB MEDIA

Unzueta Vizela taldeak laga dio Amorebietari, eta Troncho Eibarrek. Bustinzak, ordea, Malagan jokatu zuen 2022-23 denboraldian.

  • Iker Unzueta Amorebietara itzuli da, utzita. Argazkia: SD Amorebieta.

    Iker Unzueta Amorebietara itzuli da, utzita. Argazkia: SD Amorebieta.

Iker Unzueta aurrelaria, Angel Troncho hegalekoa eta Unai Bustinza atzelaria Amorebietako jokalari berriak dira, Bizkaiko taldeak ostegunean iragarri duenez. Hain zuzen ere, Unzueta Vizela taldeak utzi dio Amorebietari, eta Troncho Eibarrek. Bustinzak, ordea, Malagan jokatu zuen 2022-23 denboraldian.

Hala, Unzueta, 25 urtekoa bera, Amorebietara itzuli da, 2020-21 eta 2021-22 denboraldietan Zornotzako taldean aritu baitzen. Guztira, 55 partida oficial jokatu eta zortzi gol sartu zituen; Abadiñoko aurrelaria Bigarren Mailarako igoera lortu zuen taldean izan zen, eta Bigarren Mailako lehenengo denboraldi hori ere jokatu zuen Amorebietan. Orain, Portugaleko Lehen Mailan dabilen Vizela taldetik iritsi da.

Bustinza, ia 32 urtekoa bera, "esperientzia handia" du futbol profesionalean, eta atzealdeko hainbat postutan jokatzeko gaitasuna du; azaroan hasi zen Amorebietarekin entrenatzen. Athleticeko harrobian hazi zen, eta 2014-15 denboraldian lehen taldean ibili; gerora, Leganesek fitxatu zuen, eta zazpi denboraldi eman zituen bertan, lau Lehen Mailan. 2022-23 denboraldian, Malagan jokatu zuen, Bigarren Mailan.

Tronchok 21 urte ditu, eta gazte mailan zebilela heldu zen Eibarrera; 2022-23 denboraldian debuta egin zuen Eibarreko lehen taldean. Denboraldi honetan, orain arte, zazpi partida ofizial jokatu ditu, eta gol bat sartu du.