Itxi

Futbola

Jokalari berria

Amorebietak Jürgen Locadia herbeheretarra fitxatu du

Agentziak | EITB MEDIA

Esperientziadun jokalaria da eta 30 urterekin Ingalaterran, Alemanian, Iranen eta Txinan aritu da, besteak beste. Txinako Superligako Cangzhou Mighty Lions izan da bere azken taldea.

  • Jurgen Locadia

    Jurgen Locadia. Irudia: Amorebieta.

Amorebietak Jürgen Locadia aurrelari herbeheretarraren fitxaketa iragarri du. 30 urteko jokalariak "Herbeheretan (PSV Eindhovenekin bi liga liga irabazi zituen bertan), Ingalaterran, Alemanian, AEBetan, Iranen eta Txinan jokatu du, baita golak sartu ere", eta "Txapeldunen Ligan eta Europa Ligan" ere aritu da.

Locadia (Emmen,Herbehereak, 1993-11-7) "aurrelari esperientziaduna da, egun talde barik zegoen Txinako Superligako Cangzhou Mighty Lions taldean jokatu ostean. Aurreko denboraldian 7 gol egin eta 7 asistentzia eman zituen 24 partidetan", adierazi dute Amorebietako arduradunek.

"100 goletik gora eginda eta esperientzia zabalaz baliatuta", urdinen aurrelari berria "erasoa indartzen" saiatuko da "denboraldiaren azken zatian". Amorebieta Hypermotion Ligako azken postuan da.

Taldeak 7 puntura dauka salbazioa eta laura azken aurreko sailkatua. Hala ere, Jandro Prietok zuzentzen duen taldea bolada onean da; azken 12 puntuetatik 8 lortu dituzte eta lau partida daramatzate porrotik jaso gabe.

Igandean Zaragozaren aurka La Romaredan jokatutako partida irabazi egin zuten, Jon Morcillok 97. minutuan falta bat zuzenean jaurtita egindako golari esker.