Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Topaketa

Esku Pilotako Euskal Selekzioa, Mexikon

EITB Media

Sei euskal pilotari aritu dira lehian herrialde amerikarrean. Partidak jokatu dira hainbat modalitatetan, baita bi selekzioen arteko erronka berezia ere.

  • Pilotako Euskal Selekzioa

    Pilotako Euskal Selekzioko ordezkariak, Mexikon. Argazkia: Lur Ziarrusta

Munduko Pilota Batzarrak eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioak Mexikoko Lauburu Pilota Eskolarekin eta Mexikoko Euskal Pilotako Federazioarekin elkarlanean antolatutako topaketa egin da Mexikon, abuztuko lehen bi asteetan.

Lagunartekoak, euskaldunak eta mexikarrak nahastuz egindako txapelketa, eta, garrantzitsuena, Mexiko vs Euskal Selekzioa desafioa jokatu dira.

Guztira, sei euskal pilotari ibili dira lehian: Inhar Ugarte (Getxo), Ekhi Ziarrusta (Dima), Ibon Taberna (Lezo), Julen Chiapusso (Donostia), Miren Larrarte (Bidania-Goiatz) eta Enara Gaminde (Laukiz).

Bestalde, pilotari mexikar esanguratsuenak hauexek izan dira: David Alvarez "Stich" (munduko txapelduna ezkerparetan, 2022ko Biarritzeko Munduko Txapelketan), Einar Mundo eta Kevin Moreno (brontzezko domina 2022ko Biarrizko Munduko Txapelketan, trinketean, binakakoan), Medina III "Momito" (Momo Medinaren semea), Paola Reyes (Frontballeko munduko txapelduna 2022ko Biarrizko Munduko Txapelketan) eta Daniela Vargas eta Breatny Aguilar (eskuzko pilotari mexikar onenak).

Mexiko vs Euskal Selekzioa desafioa, hiru partidaz osatuta

Mexikoren eta Euskal Selekzioaren arteko erronka izan da lehiarik esanguratsuena. Emakumezkoetan, partida bat jokatu da ezkerparetako eskuzko Mexikoko Lona modalitatean (teniseko pilotarekin); gizonezkoetan, aldiz, trinketeko binakako bi neurketa.

Euskal Selekzioa izan da nagusi mexikarren aurkako erronkan (2-1), emakumezkoen ezkerparetako eskuzko Mexikoko Lona modalitateko neurketan eta trinketeko bi partidetako batean gailenduta.

Emakumezkoetan, Euskal Selekzioko Larrarte-Gaminde bikoteak irabazi egin die Aguilar eta Vargas mexikarrei, bi setetan (2-0); 13-10 eta 13-6.

Ondoren, gizonezkoen trinketeko lehen neurketa jokatu da, eta Cuero-Cabello Mexikoko bikotea nagusitu da Ziarrusta II.aren eta Chiapussoren kontra (35-40). Horrenbestez, berdindu egin dute desafioa (1-1).

Hirugarren eta azken norgehiagokan, trinketeko binakako modalitatean, Ziarrusta I-Ugarte bikoteak garaipena bereganatu du, Stich eta Mundo mendean hartuta, 30-18ko emaitzarekin.