Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Eusko Label Winter Series

Johanek eta Lopezek lortu dute 2023-24ko Eusko Label Winter Serieseko hirugarren postua

EITB MEDIA

Biarritzeko aurrelariak eta Zumaiako atzelariak bi jokotan menderatu dituzte Olharan eta Del Rio, 15-8 eta 15-13, astelehenean, Gernika-Lumon. Hala, igandean, final handia amaituta, podiumera igoko dira, Bizkaiko udalerriko Jai Alai pilotalekuan.

0:53
Eusko Label Winter Serieseko partida amaituta, bikoteak agurtzen

Johan Sorozabalek eta Imanol Lopezek lortu dute 2023-24ko Eusko Label Winter Serieseko hirugarren postua; izan ere, txapelketako hirugarren eta laugarren postuak zein bikotek eskuratuko lituzketen zehaztu behar zuen partidan, astelehenean, Johanek eta Lopezek Jean Olharan eta Julen del Rio menderatu dituzte, bi jokotan, 15-8 eta 15-13. Norgehiagokak hasieratik izan du kalitatea, eta, bigarren jokoan, emozioa ere izan da, markagailuan parekatuta ibili baitira.

Johan eta Lopez izan dira nagusi aurreneko jokoan, eta merezita eskuratu dute hori. Bana joan dira, baina, hori kenduta, Biarritzeko aurrelaria eta Zumaiako atzelaria une oro izan dira aurretik. Jokaldi ikusgarriak egiten ahalegindu dira lau puntistak, finalaren bila aritzeko presioa atzean utzita, eta nabarmentzeko moduko hainbat tanto ikusi dituzte zaleek, bereziki Johan Sorozabalen eta Imanol Lopezen aldetik; Jean Olharan eta Julen del Rio ere aritu dira ondo, azken hori eskuinean duen indarra erakutsita.

Bikote horia 5-2 jarri da aurretik, eta Olharanek eta Del Riok, gerora, berdinketa jartzeko aukera izan dute, baina ez dute lortzerik izan, eta Johan eta Imanol 9-4kora iritsi dira. Jokoaren azken tartean argi gelditu da Johanek eta Lopezek eskuratuko zutela; azkenean, 15-8 amaitu da.

Bigarren jokoan, berdintasun handiagoa izan da, kantxan eta markagailuan. Olharan eta Del Rio 3-0 aurreratu dira, eta bazirudien Paueko aurrelaria eta atzelari gasteiztarra sendo zebiltzala hirugarren setaren bila. Johanek eta Imanolek hiruna berdindu dute, eta bi bikoteak oso parean ibili dira, norgehiagokaren amaierara arte.

Horiak 12-8 irabazten ari zirela, Olharanek eta Del Riok erantzun bikaina eman dute, eta 13-13ko berdinketa jarri dute. Azken bi tantoak, baina, Johanek eta Imanolek egin dituzte, eta, horrenbestez, ziurtatu egin dute hirugarren postua, aurtengo Eusko Label Winter Seriesen.

Honela izan da markagailua (lehenik, Johan eta Lopez)

Lehenengo jokoa: 1-0, 1-1, 2-1, 3-1, 4-1, 4-2, 5-2, 5-3, 5-4, 6-4, 7-4, 8-4, 9-4, 9-5, 9-6, 10-6, 10-7, 11-7, 12-7, 13-7, 14-7, 14-8, 15-8.

Bigarren jokoa: 0-1, 0-2, 0-3, 1-3, 2-3, 3-3, 4-3, 4-4, 4-5, 4-6, 5-6, 6-6, 6-7, 7-7, 8-7, 9-7, 9-8, 10-8, 11-8, 12-8, 12-9, 12-10, 12-11, 13-11, 13-12, 13-13, 14-13, 15-13.