Itxi

Bilbao Basket

69-75

Hirutik hiru Bilbao Basketentzat

Erredakzioa

Dominionek 69-75 irabazi dio Zaragozari eta Endesa Ligako sailkapeneko bigarren postuan da Iberostar Tenerife liderrarekin berdinduta. Hiru jardunaldiren ostean bizkaitarrek ez dute porrotik jaso.

4:44

Dominion Bilbao Basketek bere hirugarren garaipena jarraian lortu du Endesa Ligan igande honetan Tecnyconta Zaragozari 69-75 irabazita. Bizkaiko taldea sailkapenaren bigarren postuan da Iberostar Tenerife liderrarekin berdinduta.

Lehen laurdena parekatua izan da. Etxeko taldea eraginkor ibili bada ere Bilbao Basketek ondo eutsi dio, eta lehen hamar minutuak hiru puntuko abantailarekin bukatzea lortu du (14-17). Bigarren laurdenean, ordea, Tecnyconta Zaragozak beste erritmo bat sartu dio norgehiagokari eta talde bizkaitarrak baino gehiago asmatu du. Ondorioz, sei puntuko abantaila lortu du etxeko taldeak atsedenaldira iristean (35-29).

Atsedenaldiaren ostean lokartuta kantxaratu da Bilbao Basket eta etxeko taldeak abantaila handia hartu du, konkretuki, hamaika puntukoa (42-31). Lehen minutuetako kolpe latzetik azkar altxatu da Bilboko taldea eta lan eskerga egin ostean partida parekatzea lortu du (50-50). Hirugarren laurdeneko azken jaurtiketan Axel Hervellek hiruko ederra sartu du, eta hiru puntuko abantaila eman dio Bilbao Basketi (50-53). Azken laurdenaren hasierari hobeto ekin dio talde bizkaitarrak eta abantaila polita lortu duen arren (53-60), Tecnyconta Zaragozak ez du etsi eta bi puntura gerturatzea (62-64) lortu du. Amaierako minutuetan, ordea, Bilbao Basketek ondo eutsi dio etxeko taldeari eta garaipenak ez dio ihes egin (69-75).

Fitxa teknikoa:

69 - Tecnyconta Zaragoza (14+21+15+19): Bellas (4), Gecevicius (-), Benzing (18), Jelovac (2), Norel (11) -hasierako bostekoa- Holt (-), Kraljevic (4), Sergi García (8), Pursl (-), Servera (-) eta Fotu (22).

75 - Dominion Bilbao Basket (17+12+24+22): Tabu (7), Lapornik (2), Mumbrú (14), Hervelle (10), Eric (6) -hasierako bostekoa- Bamforth (24), Borg (-), Javi Salgado (-), Todorovic (4), Buva (6) eta Nikolic (2).

Epaileak: Cortes, Araña eta Mas.

 

Mas.