Itxi

Bilbao Basket

Eurokopa, 6. jardunaldia

Bilbao Basketek galdu egin du berriro, eta Eurokopatik at geratzeko zorian dago

ERREDAKZIOA

Bilbotarrek garaipen bakarra eta bost porrot dituzte, Partizanekin berdinduta daude sailkapenaren beheko aldean, eta txapelketatik at geratzeko zorian daude serbiarrekin batera.

  • Dejan Todorovic, aurkariz inguratuta. Argazkia EFE

    Dejan Todorovic, aurkariz inguratuta. Argazkia EFE

RETAbet Bilbao Basketek galdu egin du berriro etxean, oraingoan Lietuvos Rytasen aurka (79-96). Aitzakiarik gabeko porrota izan da, eta, horrenbestez, Eurokopa txapelketatik kanpoan geratzetik oso gertu dago, bost partida galdu baititu jarraian, horietako lau etxean, Miribillan.

Izan ere, gaurko partida irabaztea zen beltzezko gizonek zuten itxaropen bakanetakoa Top 16ra sailkatzea pentsatu ahal izateko.

Alabaina, Europako txapelketako lehen jardunaldian irabazi zioten taldearen aurrean hartutako porrota hain izan da handia, ezen lehen itzuliko norgehiagokan bilbotarrek lortutako 10 puntuko abantaila irauli egin baitute lituaniarrek.

Horrenbestez, bilbotarrek garaipen bakarra eta bost porrot dituzte, eta Partizanekin berdinduta daude sailkapenaren beheko aldean. Bata zein bestea dira lehiaketatik kanpo geratzeko C Multzoko hautagai nagusienak, ezustekoren bat gertatu ezean.

Dena den, Bilbao Basketek ondo ekin dio lehiari (22-17 zegoen goitik lehen laurdenaren amaieran), baina oso gaiztoak izan diren bi partzial jaso ditu (lehendabizikoa 0-12koa, bigarren laurdenean; bigarrena, 0-14koa, hirugarrenean), eta ezin izan die aurre egin.

Lietuvos 18 puntu goitik ere izan da (75-93), baina azkenerako 17rekin itzuli da etxera (79-96).

Etxekoen aldetik Dejan Todorovic (14 puntu, 10 errebote eta 22ko balorazioa), Mickell Gladness (15, 7 eta 20), Alex Mumbru kapitaina(13, 5 asistentzia eta 15) eta Pere Tomàs (11, 6 eta 17) izan dira onenak.

Fitxa teknikoa:

RETAbet Bilbao Basket 79 (22+17+25+15): Fischer (5), Todorovic (14), Tomàs (11), Hervelle eta Gladness (15) –hasierako bostekoa–; Tabu (11), Redivo (5), Hammink (5), Mumbrú (13), Vucetic eta Salgado.

Lietuvos Rytas Vilnius 96 (17+25+31+23): Kramer (27), Baron (10), Lukauskis (2), Echodas (10) eta Mavrofefalidis (13) –hasierako bostekoa–; Jomantas (2), Giedraitis (14), Carter (12) eta Peterson (6).

Partzialak: 22-17, 39-42 (atsedenaldia); 64-73 eta 79-96 (amaiera).

Epaileak: Elias Koromilas (Grezia), Marko Juras (Serbia) eta Mehdi Difallah (Frantzia). Ez dute inor kanporatu.