Itxi

Bilbao Basket

FIBA Europe Cup

Surne Bilbao Basketek garaipena lortu du Porton, 15 puntu iraulita

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Jaume Ponsarnauren taldeak 72-75 hartu zuen mendean FC Oporto, FIBA Europe Cupeko bigarren faseko bigarren jardunaldian.

  • Sacha Killeya-Jonesen artxiboko irudia

    Sacha Killeya-Jonesen artxiboko irudia. EFE

Surne Bilbao Basketek FIBA Europe Cupeko bigarren faseko multzoko lehen postuan jartzea lortu zuen astearte honetan, Oportori 72-75 irabazita. Atsedenaldira 15 puntuko aldeaz galtzen ari zirela iritsi ziren beltzezko gizonak, eta markagailua iraultzea erdietsi zuten.

Adam Smith (18 puntu eta lau errebote) eta Sacha Killeya-Jones (14 eta 10) jokalariek saskiratu zituzten puntu gehien Dragao Arenan. Horiez gain, Alex Renfroeren ekarpena ere erabakigarria izan zen, 11 puntu sartu eta 8 asistentzia egin baitzituen.

Base estatubatuarrak taldeari eutsi zion lehen zatian, Jaume Ponsarnauren mutilek ez baitzuten ondo jokatu. Arerioak oso errotazio laburra izan arren, kanpoaldetik egindako jaurtiketetan oso ondo asmatu zuten lehen hogei minutuetan. Charlon Kloof (22 puntu), Anthony Barber eta Aaron Harrison nabarmendu ziren, batez ere, biek 13na puntu egin zituzten eta.

Azken laurdenean, Bilbao Basketek markagailuan zuen aldea 11ra luzatu zuen (60-71). Nahiz eta amaieran estu ibili, final laurdenetarako txartela eskuratzeko oso garrantzitsua izan daitekeen garaipena ekarri zuen etxera.

Fitxa teknikoa:

72 - Oporto (23+20+12+17): Harrison (11), Kloof (22), Queiroz (8), Melvin (13), Omlid (4) -hasierako boskotea- Barber (13), Guerreiro (-), Nuno Camacho (1) eta Gomes (-).

75 - Surne Bilbao Basket (17+16+27+15): Renfroe (11), Smith (18), Rabaseda (9), Andersson (6), Killeya-Jones (14) -hasierako boskotea- De Ridder (4), Pantzar (6), Tsalmpouris (-), Kullamae (7), Rigo (-) eta Reyes (-).

Partzialak: 23-17, 43-33 (atsedenean), 55-60 eta 72-75 (amaiera).

Epaileak: Josep Jurcevic (Kroazia), Blaz Zupancic (Eslovenia) eta Alexandre Maret (Frantzia).