Itxi

Bilbao Basket

FIBA Europa Kopa

Bilbao Basketek luzapenean menderatu du Porto (90-86), eta FIBA Europa Kopako final laurdenetan izango da

EITB MEDIA

Portugalgo taldea aurretik izan da markagailuan, Miribillan jokatutako partidako minutu askotan, baina, azken laurdenean, Ponsarnauren taldeak luzapena behartzea lortu du; luzapen horretan, Bilbao Basketek garaipena erdietsi du, eta sailkatzea bermatu.

  • Alex Renfroek 15 puntu sartu ditu, Portoren aurkako partidan. Argazkia: EFE.

    Alex Renfroek 15 puntu sartu ditu, Portoren aurkako partidan. Argazkia: EFE.

Surne Bilbao Basketek Porto hartu du mendean, 90-86, Miribillan, asteazkenean, FIBA Europa Kopako bigarren multzo faseko bosgarren jardunaldian, eta, horrenbestez, txapelketako final laurdenetarako sailkatzea bermatu du. Portugalgo taldea aurretik izan da markagailuan, Miribillan jokatutako partidako minutu askotan, baina, azken laurdenean, Ponsarnauren taldeak luzapena behartzea lortu du; luzapen horretan, Bilbao Basketek garaipena erdietsi du, eta sailkatzea eskuratu.

Denzell Anderson eta Keith Hornsby izan dira gakoak minutu erabakigarrietan. Andersonek hiruko saskiratze bat sartu du amaierarako 17 segundo gelditzen zirela (88-85), eta Hornsbyk, jokatzeko soilik zazpi segundo zeudela, bi jaurtiketa libre gauzatu ditu (90-86). Hala, Bilbao Basketek irauli egin du azken emaitza; hirugarren laurdenaren amaieran, baina, Porto 50-62 ari zen gailentzen.

Hornsbyk, guztira, 18 puntu egin ditu; Bilbao Basketeko azken fitxaketaren lana oso ona izan da. Sacha Killeya-Jones ere nabarmendu da; izan ere, azken horrek 19 puntu sartu ditu, zortzi errebote hartu eta bi tapoi jarri, eta balorazioan 20 izan du. Adam Smithek 16 puntu sartu ditu, eta lehen zati ona egin du, eta Melwin Pantzarren estatistikak ere izan dira ederrak: 11 puntu, zortzi errebote, eta 18 balorazioan.

Buru-belarri lan egin behar izan dute denek, baina, Porto mendean hartzeko. Portugalgo taldean ez dute jokalari askok parte hartzen, baina kalitate handiko gizonak ditu. Anthony Barberrek 25 puntu egin ditu eta partida osoa jokatu du, eta Cleveland Melvin, Tanner Omlid eta Aaron Harrison izan ditu lagun; Melvinek 16 puntu sartu ditu eta sei errebote hartu, eta balorazioan 20 izan du, Omlidek 12 puntu sartu eta bost errebote harrapatu ditu, eta balorazioan 19 lortu du, eta Harrisonek 15 puntu sartuta amaitu du norgehiagoka.

Multzo fase honetako azken jardunaldian, Bilbao Basketek Balkan Botevgrad izango du aurkari, Miribillan ere; Balkan Botevgradek ez du partidarik irabazi, eta ez du inolako aukerarik txapelketan aurrera egiteko, eta Bilboko taldeak 62-94 menderatu zuen Bulgarian, lehen itzulian. Bilbao Basketen helburua, hortaz, multzoko aurreneko postua berrestea izango da, horrek ekarriko lukeelako final laurdenetan itzuliko partida Bilbon jokatzea. Porto eta Gottingen, aldiz, nor baino nor gehiago arituko dira, multzoko beste partidan, eta final laurdenetarako oraindik emateke dagoen txartela eskuratzen ahaleginduko dira.

Fitxa teknikoa

90 - Bilbao Basket (21+17+12+27+13): Renfroe (15), Smith (16), Rabaseda (1), Andersson (4) y Killeya-Jones (19) -hasierako taldea-; Pantzar (11), Hornsby (18), De Ridder (2) eta Hlinason (4).

86 - Porto (23+16+23+15+9): Barber (25), Harrison (15), Omlid (12), Melvin (16) y Queiroz (2) -hasierako taldea-; Kloof (6), Fayne (10) eta Camacho de Sa.

Partzialak: 21-23, 38-39 (atsedenaldia); 50-62, 77-77 (amaiera) eta 90-86 (luzapena).

Epailea: Geert Jacobs (Belgika), Yener Yilmaz (Turkia) eta Gintaras Maciulis (Lituania). Queirzo kanporatu dute, bost falta egin izateagatik, 43. minutuan.