Itxi

Bilbao Basket

FIBA Europe Cup

Bilbao Basket miraria egiten saiatuko da Alemanian

AGENTZIAK | EITB Media

Bilbao Basketek jipoi handia hartu zuen Niners Chemnitzen aurka Miribillan (73-98), FIBA Europe Cupeko finalaurrekoko joaneko partidan, eta alemaniarrek 25 puntuko abantaila duten kanporaketan. Partida zuzenean eskainiko dugu ETB4n eta eitb.eus-en.

  • Jaume Ponsarnau Bilbao Basketek eta Niners Chemnitzek Miribillan jokatu zuten partidan. EFE

    Jaume Ponsarnau Bilbao Basketek eta Niners Chemnitzek Miribillan jokatu zuten partidan. EFE

Surne Bilbao Basketek eta Niners Chemnitzek FIBA Europe Cup txapelketako finalaurrekoaren itzuliko partida jokatuko dute asteazken honetan, Alemanian. Joaneko norgehiagokan, Miribillan, "beltzezko gizonek" jipoi izugarria jaso zuten: 73-98 galdu zuten eta orain 25 puntuko abantaila dute alemaniarrek. Beraz, miraria egin beharko dute, finalean egoteko. Partida 19:00etan hasiko da, eta zuzenean eskainiko dugu ETB4n eta eitb.eus atarian.

Konfiantzarekin iritsi ziren joaneko partidara, Bilbao Arenan jokatutako azken hiru norgehiagokak irabazita. Neurketa ondo hasi zuten, eta ematen zuen kanporaketa etxean erabakita uzteko gai izango zirela.

Jaume Ponsarnauren taldea 43-29 jarri zen markagailuan, baina hurrengo hogei minutuetan sekulako kolpe latza hartu zuen, alemaniarrek partida irauli baitzuten: 30-69 jarri ziren aurretik.

Gauzak horrela, ameskeria da Bilbao Basketek 25 puntuko alde hori murriztea lortuko duela eta Europako Koparen finalean izango dela pentsatzea.

Edonola ere, asteburuan, Endesa Ligan, Rio Breoganen aurka erakutsi zuen maila ona izan zela kontuan hartuta, partida azkeneraino lehiatzea eta aurrekoa bezalako emaitzarik ez errepikatzea izango dute helburutzat bizkaitarrek.