Itxi

Baskonia

Bigarren partida

Caja Laboral, ezinean (90-68)

Erredakzioa

Baskoniaren lehen laurden onaren ostean, partidaren jabetza bereganatu du CSKAk eta erakustaldi berri bat eskaini du. Lauko Finala gertuago dute orain moskutarrek.

1:28

Maldan gora jarri zaio Caja Laboral Baskoniari Euroligako final-laurdenetako kanporaketa. CSKA Moskuk bigarren garaipena eskuratu du (90-68), eta gertuago du txapelketako Lauko Finala. Baskoniaren lehen laurden onaren ostean, partidaren jabetza bereganatu du CSKAk eta erakustaldi berri bat eskaini du.

Jarrera ona eskaini du Baskoniak lehen laurdenean, atzean zein erasoan (20-26). Asteazkenean ez bezala, kanpoko jaurtiketetan asmatu dute Zan Tabaken gizonek, eta CSKA desoroso jokatzen ari zen. Teodosic erabat blokeatuta zuen Caja Laboralek.

Baina bigarren laurdenaren hasieran 7-0eko partziala lortu du CSKAk eta partidaren kontrola erdietsi du. Iparra galduta zegoen Caja Laboral, eta hirukoei esker jarraitu du partidan sartuta.

Gasteiztarrak ezinean aritu dira hirugarren laurdenean. Emaitza izan du errusiarren lanak: Teodosicek jokoa antolatu, eta Erceg, Krstic eta Khryapa jokalariek biribildu dituzte jokaldiak. Laugarren laurdenerako neurketa erabat erabakita zegoen eta CSKAko jokalari eta zaleen gozamenerako izan da. Lampe izan da partidako saskiratzaile onena, 19 puntu eginda.

Final-laurdenetako hirugarren norgehiagoka Gasteizko Buesa Arenan jokatuko da, hurrengo asteazkenean 20:45etik aurrera (zuzenean eitb.com-en eta ETB-1en).

Fitxa teknikoa:

CSKA Mosku: Teodosic (14), Kaun (16), Erceg (16), Khryapa (9) eta Weems (2) --hasierako boskotea-- Jackson (6), Micov (11), Papaloukas (-), Sokolov (-), Krstic (16) eta Ponkrashov (-).

Caja Laboral: Cook (6), Causeur (12), Nocioni (7), N.Bjelica (5) eta Lampe (19) --hasierako boskotea-- Heurtel (-), San Emeterio (13), Jelinek (-), M.Bjelica (2) eta Pleiss (4).

Partzialak: 20-26, 24-11, 25-13, 21-18.