Itxi

Baskonia

Querejetak baieztatu du

Perasovicek ez du Baskonia entrenatzen jarraituko

Erredakzioa

Josean Querejeta presidenteak jakinarazi duenez, Velimir Perasovicek Baskoniarekin zuen kontratua etetea erabaki du. Anadolu Efes zuzenduko du datorren denboraldian.

1:24

Velimir Perasovicek ez du Laboral Kutxa Baskonian jarraituko eta Anadolu Efes taldea zuzenduko du datorren denboraldian. Hala jakinarazi du Josean Querejeta Baskoniako presidenteak astearte honetan.

"Perasovicek Baskoniarekin zuen kontratua etetea erabaki du. Eskerrak ematea besterik ez zait ateratzen. Bere iritzi aldaketa errespetatzen dut", esan du Querejetak. Klubeko presidenteak albiste onak ere eman ditu astearte honetan eskaini duen prentsaurrekoan eta datorren denboraldian Baskoniaren aurrekontua %30 eta %40 igoko dela baieztatu du.

Denboraldiko balantzea ere egin du presidenteak: "Denboraldia oso ona izan da, eta pozik egoteko arrazoiak ditugu. Pena bat izan da une garrantzitsuenetan taldea guztiz ondo ez iristea fisikoki. Lorpen handiak eskuratu dutugu. Real Madrilen aurka pabilioia bete genuen eta Buesa Arenara gerturatzen diren zaleen kopurua %14 igo da".

Persovicek ez duela jarraituko baieztatu ostean taldeak entrenatzaile berri bat fitxatu beharko du, eta Querejetak argi dauka nor fitxatu nahi duen, nahiz eta izenik ez duen eman: "Orain entrenatzaile berri bat fitxatu behar dugu. Nik argi daukat nor fitxatu nahi dudan. Jokalariei dagokienez, talde lehiakorra izango dugula uste dut".

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Baskonia