Itxi

Baskonia

Garaipena

Baskoniak erakustaldia eman du Fenerbahceren aurrean (86-52)

Agentziak | Erredakzioa

Sito Alonsoren mutilak jaun eta jabe izan dira lehen minututik eta ez diete turkiarrei inolako aukerarik eman.

2:53

Baskoniak Fenerbahce zapaldu du (86-52) partida borobila eginda. Ondorioz, arabarrak sailkapenean turkiarren parean jarri dira, lau garaipen eta bi porrotekin.

Defentsa ordenatua eta kontraeraso azkarrak izan dira gasteiztarren garaipenaren gakoa. Halaber, kanpoko jaurtiketetan asmatu egin dute.

Sito Alonsoren taldearen nagusitasunak ez du itzalik izan, eta laurdenetik laurdenera markagailuan izan duten aldea handitzen joan dira.

Sei jokalarik izan dute hamar puntutik gorako balorazioa, eta guztien gainetik, Shane Larkin (17 puntu) eta Johannes Voigtmann (22) izan dira.

Partidaren hasieran tentsio handia izan da bi taldeetan; jaurtiketetan ez dira fin ibili eta baloi ugari galdu dituzte. Gauzak horrela, lehen hamar minutuak 14 eta 11ko emaitzarekin bukatu dira.

Bigarren laurdenean, arabarrak hobeto hasi dira. 8 eta 0eko partziala egin eta 22 eta 11 ihes egin dute 14. minutuan. Fenerbahce ezinean aritu da eta atsedenaldian turkiarrak 41 eta 24 izan dira atzetik.

Bigarren zati borobila

Hirugarren laurdenean, gasteiztarrak geldiezin aritu dira, eta ordura arteko zulorik handiena egin dute markagailuan, 51 eta 26, hasi eta hiru minutura. Hurrengo jokaldietan ere ez dute gupidarik izan eta 27 puntuko aldea izan dute, 67-40, laurdenaren amaieran.

Baskoniaren nagusitasuna ikusita, azken laurdenak ez du historia handirik izan. Aurrekoen ildotik jarraitu dute, eta azkenean neurketako alderik handienarekin amaitu da norgehiagoka: 86-52.

 

Fitxa teknikoa:

86. Baskonia (14+27+26+19): Larkin (13), Blazic (11), Hanga (6), Shengelia (-), Voigtmann (13), -hasierako boskotea-, Bargnani (13), Beaubois (6), Budinger (6), Luz (6), Tillie (6), I. Diop (2) eta Sedekerskis (4).

52. Fenerbahce Estambul (11+13+16+12): Dixon (8), Sloukas (9), Datome (2), Vesely (2), Udoh (8) -hasierako boskotea-, Nunnally (6), Kalinic (7), Ugurlu (2), Hersek (4), Antic (4), Minchev (-) eta Mahmutoglu (-).