Itxi

Baskonia

Gaur, 20:45ean

Real Madrilen kantxan ekingo dio Baskoniak Euroligako bigarren itzuliari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Baskoniarrek eta madrildarrek elkarren artean jokatuko duten denboraldiko hirugarren partida izango da, Europako lehiaketako bigarrena, eta oraingoz berdinketa da nagusi euren artean.

  • Lehenengo itzuliko partidak Baskoniak jipoia eman zion Real Madrili. Argazkia: EFE

    Lehenengo itzuliko partidak Baskoniak jipoia eman zion Real Madrili. Argazkia: EFE

Baskoniak eta Real Madrilek berriro ikusiko dute elkar lehiaketa ofizialean (gaur, 20:45ean), Euroligako hamazortzigarren jardunaldiaren barruan.

Baskoniarrek eta madrildarrek elkarren artean jokatuko duten denboraldiko hirugarren partida izango da, Europako lehiaketako bigarrena, eta oraingoz berdinketa da nagusi euren artean. Batak zein besteak garaipenaren beharra daukate, txapelketan dituzten postuei eutsi aldera: une honetan zuriak play-offetara sailkatzeko postuetan daude kokatuta, eta, berriz, gorri-urdinak postu horietara sailkapena ematen duten postuetan sartzeko zorian.

Real Madril laugarren dago, 11 garaipen eta lau porrotekin, bosgarren (Fenerbahce) eta seigarren (Zalgiris) doazen taldeekin berdinduta.

Bere aldetik, Baskonia bederatzigarren tokian dago kokatuta, zortzi partida irabazi eta bederatzi galdu eta gero. Justu bere aurretik eta play-offetara pasatzeko txartela ematen duen azken postuan sailkatuta dagoen Khimkirengandik garaipen bakarrera daude gasteiztarrak.

Aurreko bi norgehiagokak (Euroligakoa zein Endesa Ligakoa) Buesa Arenan jokatu dira, eta bakoitzak partida bat irabazi du: Europakoa, Baskoniak (105-75); ACBkoa, Madrilek (69-81).

Nahiz eta hainbat azken denboraldietan elkarren aurka lehiatu dituzten partidak, Euroligan bost aldiz bakarrik elkar ikusi dute: Baskoniak lau garaipen eskuratu ditu eta Madrilek bakarra.

Horrez gain, Pedro Martinezen aginduetara dauden gizonek ez dakite zer den porrota Europako lehiaketan Madrilen kantxan jokatutako neurketetan, birritan jardun dute bertan, eta bietan irabazi dute.

Fitxa teknikoa:

Baskonia: Huertas, Janning, Garino, Poirier eta Shengelia –hasierako balizko bostekoa–; Beabouis, Diop, Granger, Jones, Timma, Vildoza eta Voigtmann.

Real Madril: Campazzo, Causeur, Yusta, Thompkins eta Tavares – hasierako balizko bostekoa – Doncic, Taylor, Carroll, Reyes, Rudy Fernández, Maciulis, Randle eta Radoncic.

Epaileak: Lottermoser (ALE), Koromilas (GRE) eta Sukys (LIT).

Pabilioia: WiZink Center.

Ordua: 20:45