Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskonia, prest gaur Fenerbahçeren aurkako lehen partidari ekiteko

Erredakzioa

Kirolbet Baskoniak Istanbulen jokatuko du asteazken honetan, 19:15ean, Euroligako final-laurdenetako kanporaketako lehen partida.

Baskoniak gaur ekingo dio Euroligako final-laurdenetako kanporaketako lehen partidari Istanbulen. Fenerbahçe izango du aurkari Baskoniak, eta 19:15ean hasiko da, Ulker Sports Arena pabiloian.

Hirugarren urtez jarraian sartu da Baskonia Euroligako final-laurdenetan. Oso gaizki ekin zion ligaxkari, baina bolada txarra irauli eta zazpigarren postua eskuratu zuen, 16 garaipeneko eta 15 porroteko balantzearekin. Fenerbahçe bigarren izan zen ligaxkan, 21 garaipeneko eta 9 porroteko balantzearekin. Zeljko Obradovic talde turkiarreko entrenatzaile denetik, azken hiru urteetan, Fenerbahçek porrotik jaso gabe gainditu ditu final-laurdenak: 3-0 irabazi zion Makabiri 2015ean, 3-0 gainditu zuen Real Madril 2016an eta 0-3 menderatu zuen iaz Panathinaikos.

Iragan denboraldiarekin alderatuta, Fenerbahçek Ekpe Udoh eta Bogdan Bogdanovic jokalariak galdu ditu, NBAra joan direlako. Hala ere, Nicolo Melli eta Brad Wanamaker fitxatu zituen, eta Kostas Sloukas joko-antolatzaileak eman duen aurrerapausoaz baliatu da. Denboraldi honetan, talde turkiarrak garaipena lortu zuen Gasteizen (69-83) eta sufrituta irabazi zuen Istanbulen (79-74).

Baskoniak Jayson Grangerren baja garrantzitsua du lehen bi partidetarako. Min hartuta dago Granger, bihurritua baitu orkatilan. Pedro Martinez entrenatzaileak jokatzeko prest du Tornike Sehngelia. Georgiarra izan beharko da taldearen iparrorratza.

Partidaren fitxa:

Fenerbahçe: Wanamaker, Nunnally, Kalinic, Melli eta Vesely —ustezko hasierako bostekoa—; Sloukas, Datome, Duverioglu, Thompson, Guduric, Muhammed eta Mahmutoglu.

Kirolbet Baskonia: Marcelinho, Beaubois, Garino, Voigtmann eta Poirier —ustezko hasierako bostekoa—; Shengelia, Diop, Janning, Vildoza, Timma, Malmanis eta Martinez.

Epaileak: Pukl (SLO), Ryzhyk (UKR) eta Paternico (ITA).

Pabiloia: Ülker Sports Arena.

Ordua: 19:15.