Itxi

Saskibaloia

Fitxaketa

Lointek Gernika Bizkaiak Grace Berger fitxatu du

EITB Media

Jokalari estatubatuarrak denboraldi baterako kontratua sinatu du Gernika-Lumoko klubarekin. Hegalekoa Indiana Fever taldetik helduko da Bizkaiko taldera.

  • Grace Berger

    Grace Berger, Lointek Gernika Bizkaiko jokalaria. Argazkia: @GKesb

Lointek Gernika Bizkaiak Grace Berger (Lousville, 1999/06/03) fitxatu du 2023-2024 denboraldirako, klubak ostiral honetan, ekainaren 30ean, jakinarazi duenez.

Hegaleko jokalari estatubatuarra Indianako Unibertsitate famatuan hazi da, eta, orain, WNBAn jokatzen ari da Indiana Fever taldearekin. Hain zuzen ere, talde horrek WNBA Drafteko 7. postuan aukeratu du aurten. Unibertsitatean, azken sasoian, batez beste, 12,9 puntu, 4,8 errebote eta 5,8 asistentzia lortu ditu. Horren ondorioz, hiru aldiz aukeratu dute Big Ten konferentziako bostekorik onenean. Gainera, inork ez ditu Bergerrek baino garaipen gehiago Indianako Unibertsitatean; guztira 118, 2018 eta 2023 bitartean.

Bestalde, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) selekzioarekin debuta egin zuen 2021eko America Cup txapelketan, 22 urte zituela. Batez beste, 5,2 puntu, 3,2 errebote eta 1,8 asistentzia lortu zituen, baita urrezko domina irabazi ere. Lointek Gernika Bizkaiarekin jokatuko du Europan, estreinakoz.

Berger "gogotsu" dago Europan hasteko bere kirol ibilbideko etapa berria: "Niretzat oso garrantzitsua zen Europako nire lehen esperientzian toki egoki batera joatea eta Lointek Gernika Bizkaia talde ezin hobea da, aukerarik onena. Bat nator taldeak transmititzen dituen baloreekin, nireak egiten ditut, lehiakorrak gara biak ala biak. Gainera, herria bikaina da, baita zaleak ere".