Itxi

Saskibaloia

Fitxaketa

Lointek Gernikak Sara Madera fitxatu du, 2023-24 denboraldirako

EITB MEDIA

Jokalaria, 1,86koa eta 23 urtekoa bera, Italiako jokalari gazte onenetakoa da. Reyner Venezia taldetik iritsi da Gernikara; aurreko denboraldian, Malosten jokatu zuen, Eurocupen, hemendik aurrera arituko den taldearen aurka.

  • Sara Maderak 2023-24 denboraldian jokatuko du Gernikan. Argazkia: Lointek Gernika.

    Sara Maderak 2023-24 denboraldian jokatuko du Gernikan. Argazkia: Lointek Gernika.

Lointek Gernika Bizkaiak Sara Madera fitxatu du, 2023-24 denboraldirako, ostegunean Bizkaiko klubak jakitera eman duenez. Jokalaria, 1,86koa eta 23 urtekoa bera, Italiako jokalari gazte onenetakoa da, eta Reyner Venezia taldetik iritsi da Gernikara; aurreko denboraldian, Malosten jokatu zuen, Eurocupen, hemendik aurrera arituko den taldearen aurka.

Madera, 2022-23 denboraldian, batez beste, 5,9 puntu sartu eta 3,6 errebote hartu zituen partidako, Italiako Ligan, eta, Eurocupen, 5,3 puntu lortu eta 2,4 errebote harrapatu zituen. Lointek Gernikaren web orriari egindako adierazpenetan, nabarmendu du Malosteko giroak "asko" harritu zuela. Endesa Liga, esan duenez, "txapelketarik onenetakoa da, eta Lointek Gernikak guztiagatik lehiatu nahi du, Ligan eta Europan".

Mario Lopez entrenatzaileak, ordea, Maderaren balioaniztasuna nabarmendu du: "Sara barneko jokalaria da, lauaren postuan jokatzen du batez ere. Gaztea izan arren, esperientzia duen jokalaria da, Italiako selekzioko erreferenteetako bat izan da harrobiko taldeetan". Ezaugarri moduan, "urrutiko jaurtiketa" azpimarratu du Lopezek, "batez ere, hiruko marratik; horrek zelaia zabaltzeko gaitasuna emango digu. Hala ere, abantaila duenean, zonaldean joka dezake. Irabazlea da, izaera handikoa, eta, gaitasun fisiko handiegirik izan gabe, dena ematen duen jokalaria. Orain arte fitxatu ditugun bi pibotekin alderatuta, ezaugarri desberdinak ditu, eta haiekin ondo moldatu ahal da, eta gure barneko jokoa orekatu".