Itxi

Saskibaloia

Parisko Olinpiar Jokoak

LeBron Jamesek Parisko Olinpiar Jokoetan hartu nahi du parte Curry, Durant eta Tatumekin batera

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Estatubatuarrak 39 urte beteko ditu abenduan, eta NBAko beste zenbait txapeldun bildu nahian dabil Parisko Jokoetarako taldea osatzeko.

  • LeBron Jamesen artxiboko irudia. EFE

    LeBron Jamesen artxiboko irudia. EFE

LeBron James Los Angeles Lakerseko izarrak bere ibilbideko azken olinpiar jokoetan hartu nahi du parte Parisen. Hori dela eta, Stephen Curry, Kevin Durant eta Jayson Tatumekin hizketan ari da, besteak beste, AEBko taldea osatzeko asmoz, The Athletic webguneak astelehen honetan NBAko iturriak aipatuz aurreratu duenez.

2008an Pekingo Olinpiar Jokoetan eta 2012an Londreskoetan urrezko dominak irabazita, LeBron Jamesen erabakiak ez du zerikusirik AEBko selekzioak (oso talde gaztea eta izar handienen faltan) Munduko Saskibaloi Txapelketan lortutako emaitza kaskarrarekin (laugarren geratu da).

Oraingoz, Curry, Durant, Anthony Davis, Tatum eta Draymond Green batu ditu Jamesek, eta NBAko beste zenbait txapeldun konbentzitu nahian dabil abenduaren 30ean 39 urte beteko dituen jokalari handia.

Devin Booker, Damian Lillard, De'Aaron Fox eta Kyrie Irving (Cleveland Cavaliers taldean LeBronen taldekide izandakoa) ere Olinpiar Jokoetarako taldearekin bat egiteko aukera hausnartzen ari dira.

Parisko Olinpiar Jokoak 2024ko uztailaren 26a eta abuztuaren 11 bitartean izango dira. Ameriketako Estatu Batuetako selekzioak urrea irabazi du azken lau edizioetan.