Itxi

Saskibaloia

Endesa Liga

IDK Euskotrenek puntu batengatik galdu du, 59-60, Gascan, eta finalerdiaren bila joango da Valentziara

EITB MEDIA

Azu Muguruzaren taldeak partida ona egin du, aurkari handi baten kontra; hirugarren laurdenean, 40-28koan, hamabi puntuko aldea ere izan du. Valentzia Basket suspertu egin da, eta, azkenean, abantaila duela hasiko du itzuliko neurketa.

  • IDK Euskotren ilusioz beteta joango da Valentziara, finalerdiaren bila. Argazkia: IDK Euskotren.

    IDK Euskotren ilusioz beteta joango da Valentziara, finalerdiaren bila. Argazkia: IDK Euskotren.

IDK Euskotrenek puntu batengatik galdu du, 59-60, Valentzia Basket aurkari, Gascan, ostegunean, 2023-24 denboraldiko Endesa Ligako titulurako final laurdenetako play-offetako lehenengo partidan. Gipuzkoako taldeak, hortaz, puntu bateko alde hori irauli beharko du kanporaketako bigarren neurketan, Valentzian, igandean, 18:30ean.

Azu Muguruzaren jokalariek partida oso ona egin dute, aurkari handi baten kontra; izan ere, Valentzia Basket Endesa Ligako egungo txapelduna da. IDK Euskotren hamabi puntuz ere izan da aurretik, 40-28koan, hirugarren laurdenean, baina Valentziako taldeak bikain erantzun du: azken hamar minutuak gelditzen zirela, emaitza 44-35ekoa zen, baina, ziztu bizian, 47-47 berdindu dute bisitariek. Amaiera, beraz, emozioz beteta izan da.

Lehen laurdena bukatu denean, Valentzia Basket 11-12 ari zen gailentzen, baina IDK Euskotrenek aurrea hartu du bigarrenean: bi taldeak atsedenaldira joan direnean, markagailua 23-18 zihoan. Hirugarren laurdenean, bikain aritu da euskal taldea; 21-17ko partziala ezarrita, bederatzi puntuz ari zen gailentzen, eta zenbait minututan hamar-hamabi puntuko abantaila ere hartu du. Valentzia Basketek, hori bai, asmatu egin du azken laurdenean, markagailua berdindu du, aurretik jarri da, eta, minutu erabakigarrietan, IDK Euskotrenek azken bultzada eman duenean, eutsi egin dio. Gipuzkoako taldeak azken jokaldira arte izan du garaipena jomugan.

Play-off honek 80 minutu izango ditu, eta aurreneko 40etan Alba Prieto eta Iris Mbulito nabarmendu dira, bereziki, Donostiako taldeari dagokionez. Alba Prietok 17 puntu sartu eta zazpi errebote hartu ditu, eta Iris Mbulitok, ordea, 14 puntu egin eta bederatzi errebote harrapatu ditu. Azu Muguruzaren jokalariak igandeko partida dabiltza prestatzen dagoeneko, finalerdiak helburu.