Itxi

Txirrindularitza

TOUR DOWN UNDER (2. ETAPA)

Rohan Dennisek etapa garaipena eta lidergoa lortu ditu Down Under Tourrean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Pello Bilbao (Bahrain-Victorious) bizkaitarra irabazlearengandik 11 segundora helmugaratu da, eta 16. postuan dago sailkapen nagusian, liderrarengandik 24 segundora.

  • Rohan Dennis

    Rohan Dennis, helmugan sartzen. Argazkia: EFE

Rohan Dennis (Jumbo-Visma) australiarrak irabazi du ostegun honetan Down Under Tourreko bigarren etapa, Brighton eta Victor Harbor artean jokatu dena (154,8 kilometro), eta sailkapen nagusiko lehen postura egin du jauzi.

Etapako azken kilometroetan eratu den txirrindulari entzutetsuz osatutako ihesaldian izan da Dennis. Eta, azken txanpan, erlojuaren aurka aritzeko duen iaiotasuna baliatu du iheskideak atzean uzteko. Hala, Jay Vine (UAE Team Emirates) sailkatu da irabazlearen atzetik, 2 segundora, eta denbora berean helmugaratu dira Mauro Schmid (Soudal-Quick Step) eta Simon Yates (Team Jayco AlUla), hurrenez hurren.

Alberto Bettiol (EF Education-EasyPost) orain arteko liderrak egun zaila igaro du; izan ere, helmugatik 11,5 kilometrora gelditu egin behar izan du karranpek jota

Bere aldetik, lasterketako lider berria izan nahi zuen Michael Matthews (Team Jayco AlUla) esprinterrak matxura mekanikoa izan du helmugarako 22 kilometrora, eta bata zein bestea Dennisengandik 2:13 minutura iritsi dira.

Sailkapen nagusian, 2015ean proba hau irabazi zuenak 3 segundoko tartea du Jay Vine herrikidearekiko, eta 12 segundokoa Magnus Sheffield estatubatuarrarekiko (INEOS Grenadiers). Bestalde, Pello Bilbao (Bahrain-Victorious) bizkaitarra irabazlearengandik 11 segundora helmugaratu da, eta 16. postuan dago sailkapen nagusian, liderrarengandik 24 segundora.

 

2. ETAPAKO SAILKAPENA:

1 - DENNIS Rohan (Jumbo) 4:00:40

2 - VINE Jay (UAE) +0:02

3 - SCHMID Mauro (Soudal) d.b.

4 - YATES Simon (Jayco) d.b.

5 - HINDLEY Jai (BORA - hansgrohe +0:05

6 - EWAN Caleb (UniSA-Australia) +0:11

7 - LIEPINŠ Emils (Trek) d.b.

8 - STRONG Corbin (Israel) d.b.

9 - GROVES Kaden (Alpecin) d.b.

10 - PENHOËT Paul (Groupama) d.b.

 

SAILKAPEN NAGUSIA:

1 - DENNIS Rohan (Jumbo) 7:44:41

2 - VINE Jay (UAE) +0:03

3 - SHEFFIELD Magnus (INEOS) +0:12

4 - SCHMID Mauro (Soudal) +0:13

5 - STRONG Corbin (Israel) +0:14

6 - PAGE Hugo (Intermarché) d.b.

7 - GROVES Kaden (Alpecin) +0:15

8 - MAYRHOFER Marius (DSM) +0:17

9 - ARNDT Nikias (Bahrain) +0:19

10 - SCOTSON Miles (Groupama) +0:20

 

16 - BILBAO Pello (Bahrain) +0:24

25 - IZAGIRRE Gorka (Movistar) +0:32

82 - ERVITI Imanol (Movistar) +2:48