Itxi

Txirrindularitza

Alpeetako Tourra

Simon Carrek irabazi du Alpeetako Tourraren etapa nagusia, bakarka, eta Juanpe Lopezek lider jarraitzen du

EITB MEDIA

Ostiralean, lasterketako bosgarren eta azken etapa jokatuko dute; Lidl-Trek taldeko txirrindulari andaluziarrak 38 segundoko aldea du Ben O’Connorrekiko, eta Tiberi, Poels, Bardet eta Paret-Peintre 48 segundora ditu.

5:54

EF Education-EeasyPost taldeko Simon Carr txirrindulari britainiarrak irabazi du, ostegunean, 2024ko Alpeetako Tourraren laugarren etapa, Borgo Valsuganan, eta Lidl-Trekeko Juanpe Lopez ziklista espainiarrak sailkapen nagusiko lehenengo postuari eutsi dio. Carr bakarka helmugaratu da, aurtengo Alpeetako Tourraren etapa nagusian; horrenbestez, ostiralean bosgarren eta azken etapa jokatu aurretik, bizi-bizi dago lasterketa, hainbat gizonek dituztelako aukerak sailkapen nagusian garaipena eskuratzeko.

Juanpe Lopez liderrak hainbat erasori egin behar izan die aurre laugarren etapan, eta hori izan da eguneko ezaugarrietako bat. Andaluziarrak erantzun egokia eman die eraso horiei, eta, hala, azken jardunaldia jokatu aurretik, 38 segundoko aldea du Ben O'Connorrekiko, eta Tiberi, Poels, Bardet eta Paret-Peintre 48 segundora ditu.

INEOS taldeko Tobias Fossek lehenengo etapa irabazi zuen, eta asteazkenera arte lider ibili da; laugarren etapa hasi baino lehen, bigarren zebilen. Norvegiarrak, baina, garaipena lehiatzeko itxaropen guztiak galdu ditu, irabazlea baino 14 minutu beranduago helmugaratu baita. Oso bestelakoa izan da Euskaltel-Euskadiko Mikel Bizkarrak egindako etapa; mañariarra eguneko ihesaldian sartu da (ihesaldi horrek bideratu du Carrek gailentzea), onenen parean ibili da egun osoan, eta, azkenean, hemeretzigarren sailkatu da, 5:38ra. Toki horretan bertan dabil, sailkapen nagusian kasu horretan, Kern Pharmako Urko Berrade.

Lehia handia izan da faboritoen multzoan, baina hori ez da oztopo izan Simon Carrek berriro ere irabazteko etapa Alpeetako Tourrean; britainiarrak 2023an ere poltsikoratu zuen etapa garaipen bat lasterketa honetan bertan.

Ostiralean, probako bosgarren eta azken etapa jokatuko dute. Levico Termen hasi eta amaituko da, eta 118,6 kilometroko ibilbidea du. Eguneko bigarren zatian, Palu de Fersina gogorra bia aldiz igoko dute, eta amaiera zaila da, oso gorabeheratsua.

2024ko Alpeetako Tourraren laugarren etapako sailkapena

1 - CARR Simon (EF Education) 4:06:27

2 - STORER Michael (Tudor) + 1:19

3 - O'CONNOR Ben (Decathlon) d. b.

4 - POELS Wout (Bahrain) + 1:22

5 - PARET-PEINTRE Valentin (Decathlon) d. b.

6 - TIBERI Antonio (Bahrain) d. b.

7 - BARDET Romain (dsm) d. b.

8 - LOPEZ Juanpe (Lidl) d. b.

9 - PELLIZZARI Giulio (Bardiani) + 2:19

10 - STEINHAUSER Georg (EF Education) m. t.

Sailkapen nagusia

1 - LOPEZ Juanpe (Lidl) 15:30:23

2 - O'CONNOR Ben (Decathlon) + 0:38

3 - TIBERI Antonio (Bahrain) + 0:48

4 - POELS Wout (Bahrain) d. b.

5 - BARDET Romain (dsm) d. b.

6 - PARET-PEINTRE Valentin (Decathlon) d. b.

7 - STORER Michael (Tudor) + 1:40

8 - PELLIZZARI Giulio (Bardiani) + 1:54

9 - SOSA Iván Ramiro (Movistar) + 2:52

10 - PIGANZOLI Davide (Polti) + 2:58


 [ERJ1]