Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra 2023

6. etapa

Pogacarrek etapa irabazi du eta Vingegaard lider berriarekiko denbora murriztu du

EITB Media

Esloveniarrak 28 segundoko aldea lortu du aurkari zuzenarekiko, sailkapen nagusian hurbilduz.

1:11
Tadej Pogacar

Tadej Pogacar (UAE Team Emirates) esloveniarrak irabazi du ostegun honetan 2023ko Frantziako Tourreko seigarren etapa, Tarbe eta Cauterets Cambasque artean 144,9 kilometroko ibilbidea izan duena, Jonas Vingegaard (Jumbo-Visma) danimarkarra atzean utzita bi kilometroren faltan helmugara bakarrik iristeko. Bigarren iritsi arren, Vingegaard da lasterketako lider berria, BORA-Hansgrohe taldeko Jai Hindley australiarraren ordez.

Gogoan izateko moduko eguna izan da. Pogacarrek erakutsi du Tourra erabat bizirik dagoela; bi aste baino gehiago daude aurretik, Parisera iritsi baino lehen, eta ezer ez dago erabakita. Marie Blanquen, asteazkenean, UAEko esloveniarrak ezin izan zion eutsi Jumbo-Vismako danimarkarraren erasorari, baina biharamunean, Tourmaleten, erantzun bikaina eman du Pogacarrek, aurkariak erritmoa bizitu duenean, eta gauza bera egin du Cauteretsen; bertan, helmugarako 4,5 kilometro geratzen zirela, lider berriak jo du, baina Pogacar ez da atzean geratu. Azkenean, oraindik bi kilometro geratzen zirela, esloveniarrak erdietsi du danimarkarra atzean uztea, eta 24 segundoko aldea bereganatu du helmugan.

Ihesaldi jendetsua, maila handikoa

110. Tourraren bigarren eta azken Pirinioetako etapan, asteazkenean lehenengoan ere gertatu zen bezala, ihesaldi jendetsua eta maila handikoa izan da. Aurreko egunean ere lasterketa buruan izan ziren hainbat gizon sartu dira, ostegunean, talde horretan; besteak beste, Julian Alaphilippek, Wout van Aertek, Neilson Powlessek, Mathieu van der Poelek, Gorka Izagirrek (gipuzkoarra, bikain) eta Michal Kwiatkowskik egin dute aurrera, seigarren jardunaldi honetan.

Aspinerako igoeran, buruan zeuden txirrindulariek hiru minututik gorako aldea erdietsi dute, eta, Tourmaleten, abantaila ia bost minutukoa ere izan da. Orduan, Van Aert jarri da ihesaldiaren buruan, eta hainbat gizon atzean geratu dira, erritmoari eutsi ezinik; egoera harrigarria izan da: iheslarien taldean, Jumbo-Vismako ziklista bat ari zen erritmoa markatzen, Wout van Aert, eta bitartean, atzean, sailkapen nagusiko indartsuen taldean, Jumbo-Vismako zenbait txirrindulari zebiltzan gogor jotzen, Hindley liderra eta haren taldea, BORA, nekatu nahirik.

Vingegaardek eta Pogacarrek, aurrera; Jai Hindley, ezinean

Tourmaleteko gaina harrapatzeko ia hiru kilometro geratzen zirela, Vingegaard Sepp Kuss eta Pogacarrekin batera geratu da buruan, bakarka, eta berehala eraso du; esloveniarrak eutsi egin dio, baina Hindleyk ez. Pirinioetako mendate mitikoaren azken zatian, ikusteko modukoa izan da nola igo diren Tourra irabazteko bi hautagai nagusiak. Vingegaardek eta Pogacarrek, gainean, 40 bat segundora zituzten lasterketa burukoak, eta jaitsieran bat egin dute haiekin. Hindley, helmugara iristeko 25 kilometro geratzen zirela, ia bi minutura zebilen.

Van Aert ezin hobeto aritu da egun osoan, Jumbo-Visma osorik bezala (lasterketaren amaiera gorabehera), eta buruan zebilen taldea Cauteretseko zatirik gogorreneraino gidatu du. Bazirudien Vingegaard bezperan bezain sendo zihoala; lau kilometro baino gehiago geratzen zirela, erasoa egin du, berriro ere, baina Pogacarrek, Tourmaleten ere egin duenez, ez du amore eman. Hindley liderra, bitartean, atzeko talde batean zebilen, Jonathan Castroviejo (INEOS) eta Mikel Landa eta Pello Bilbao (Bahrain-Victorious) euskal txirrindulariekin batera; etapa eta maillot horia aurrean zeuden, Jumbo-Vismako eta UAE Emirateseko liderren arteko lehian.

Cauterets, erabakigarria

Eguneko gakoa etapa amaitzeko 2,5 kilometro geratzen zirela jazo da. Orduan, Tadej Pogacarrek, errepidea maldan gora zegoela, eraso bortitza egin du, eta Vingegaard ez da haren parean ibiltzeko gai izan. Lasterketako azken minutuak erlojupeko batekoak bezalakoak izan dira: Pogacar sendo zebilen, aurretik, segundo batzuetako aldea zuela, eta Vingegaard, atzean, bakarka biak, ahalegintzen zen desabantaila ahalik eta txikiena izan zedin. Helmugan, 28 segundokoa izan da aldea, denbora saria zenbatuta.

Euskal txirrindularitzaren ikuspegitik, egunaren balantzea ona da. Gorka Izagirre (Movistar) ihesaldian izan da, onenen parean, Tourmaleteraino, eta Jonathan Castroviejok lan handia egin du Hindley liderraren taldean, INEOSek sailkapen nagusian duen gizonik indartsuenaren mesederako (Carlos Rodriguez da hori, bosgarren postuan dabil). Mikel Landa hamaikagarren dabil, sailkapen nagusi horretan, 05:49ra, eta Pello Bilbao, ordea, hamahirugarren, 06:10era. Castroviejo 23. tokian da.

Etapako sailkapena

1 - POGACAR Tadej (UAE) 3:54:27

2 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) +0:24

3 - JOHANNESSEN Tobias Halland  (Uno-X) +1:22

4 - GUERREIRO Ruben (Movistar) +2:06

5 - SHAW James (EF) +2:15

6 - HINDLEY Jai (BORA) +2:39

7 - RODRÍGUEZ Carlos (INEOS) m. t.

8 - YATES Simon (Jayco) d. b.

9 - YATES Simon (UAE) +3:11

10 - BARDET Romain (DSM) +3:12

Sailkapen nagusia:

1 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) 26:10:44

2 - POGACAR Tadej (UAE) +0:25

3 - HINDLEY Jai (BORA) +1:34

4 - YATES Simon (Jayco) +3:14

5 - RODRÍGUEZ Carlos (INEOS) +3:30

6 - YATES Adam (UAE) +3:40

7- GAUDU David (Groupama) +4:03

8 - BARDET Romain (DSM) +4:43

9 - PIDCOCK Thomas (INEOS) d. b.

10 - KUSS Sepp (Jumbo) +5:28

11 - LANDA Mikel (Bahrain) +5:49

13 - BILBAO Pello (Bahrain) +6:10