Itxi

Artea

2016a, urte ona

Arte Ederren Bilboko museoaren sarrera, 2 euro garestiagoa 2017an

Agentziak | Erredakzioa

Bisitari kopuruari dagokionez, inoizko urterik onenetan bigarrena izaten ari da 2016a Bilboko museoarentzat: 260.000 pertsona bertaratu dira oraingoz aurten.

Bilboko Arte Ederren Museoko erakusketak ikusteko sarrerak 2 euro garestiagoak izango dira 2017an; % 28,5 handituko da prezioa, museoaren patronatuak urteko azken bileran erabaki zuenari jarraituta.

Hortaz, sarrera orokorraren salneurria 7 eurotik 9ra pasatuko da urtarrilaren 2tik aurrera, eta beherapenen bat duten txartelena 5 eurotik 7ra. Nolanahi den, bilduma iraunkorra bisitatzeko audiogida eta umeentzako ibilbide bat prezioaren barruan egongo dira.

Batzar horretan, Javier Viar zuzendariak aurtengo bisitari kopuruaren berri eman zuen: 260.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu dute museoa oraingoz, bisitari gehieneko urteetan bigarrena izango da, beraz, itxura guztien arabera, 2016a.

2012an hartu zituen bisitari gehien Bilboko museoak, 295.655, Fernando Botero kolonbiar artistaren erakusketari esker.

Doan, asteazken goizetan eta igande arratsaldeetan

Halaber, patronatuak museoa doan ikusi ahal izateko egungo modua aldatzea ere erabaki zuen. Orain arte, asteazkenetan zen doakoa sarrera, egun osoz, baina 2017an asteazken goizetan (10etatik 15etara) eta igande arratsaldeetan (15etatik 20etara) izango da.