Itxi

telebista

Jarraipen berezia

EiTBk Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du gaur

EITB

Euskal Telebistak Euskara Munduan – Besteen Ahotan eta Nafarroaren Garaia erreportajeak eskainiko ditu, eta Euskara... Plazan! ekitaldiarekin bat egingo du zuzenean.

EiTBko hedabideek Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo dute gaur, abenduak 3. Euskal Herriko herri eta hirietan euskararen aldeko aldarria eginez antolatuko diren ekimenek, irudiek eta protagonistek osatuko dituzte telebistako eta irratiko albistegi eta saio bereziak. Halaber, eduki horiek guztiak ikusgai izango dira eitb.eus webgunean.

Eguneko albisteen kontakizunaz gain, eduki bereziak izango dira. Euskal Telebistak, Euskara? Plazan! Euskaltzaindia eta Eusko Legebiltzarraren ekitaldiarekin bat egingo du goizeko 'Egun On Euskadi' albistegian, eta Euskara Munduan-Besteen ahotan eta Nafarroaren Garaia dokumentalak eskainiko ditu ordutegi nagusian.

Euskara Munduan-Besteen ahotan Iñigo Asensiok egindako dokumentala da. Munduko hainbat lurraldetan izan da, sortzez hain urrutikoak diren euskal hiztunak gure hizkuntza ikastera zerk bultzatu zituen jakiteko asmoz. Nafarroaren Garaia Juan Kruz Lakastak gidatutako erreportajea da, eta besteak beste, Uxue Barkos, Floren Aoiz, Aingeru Epaltza, Cristina Altuna eta Gorka Urbizu hartuko ditu protagonista.

Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak ere egun osoan zehar Euskararen Nazioarteko Egunean antolatuko diren ekitaldiekin bat egingo dute, eta euskararekin lotutako eduki eta elkarrizketak eskainiko dituzte.

EiTBren webgunean, eitb.eus-ek, gainontzeko hedabideen edukiak eskaintzeaz gain, Euskararen Egunaren informazio propioa eskainiko du Euskararen webgune berezian: Besteak beste, Euskararen egunari erreferentzia egingo dioten Twiterreko txio guztiak islatuko dituen munduko mapa erakutsiko du.

Euskara... Plazan! ekitaldia, zuzenean

Euskara?Plazan! Euskaltzaindiaren eta Eusko Legebiltzarraren Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldia da. EiTBren laguntzaz gauzatuko da Eusko Legebiltzarrean, eta zuzenean eskainiko da 'Egun On Euskadi' albistegiaren barruan, goizeko 09:00etatik aurrera.

Bernart Etxepare eta Koldo Mitxelena izango dira ekitaldiko bi erreferentziak. Euskaltzaindiaren eta Eusko Legebiltzarraren arteko lankidetzari esker, euskaraz ezagutzen den lehenbiziko liburua, Linguae Vasconum Primitiae, beste sei hizkuntzatan (polonieran, hebreeran, finlandieran, nederlanderan, georgieran eta errusieran) argitaratuko dute eta asteazkeneko ekitaldian aurkeztuko dute. Ekitaldian, Koldo Mitxelena hizkuntzalari euskaltzainaren jaiotzaren mendeurrena gogoratuko da, eta omenaldia eta aitortza egingo zaio.

Etxepareren obra beste hainbat hizkuntzatan berrargitaratu da Euskaltzaindiak eta Eusko Legebiltzarrak sinatutako akordio honi esker. 2011an, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanez eta italieraz argitaratu zuten, eta 2013an, galegoz, katalanez, errumanieraz, kitxuaz, txineraz eta arabieraz. Halaber, bi edizio horietan liburuaren faksimilea eta euskarazko gaurko grafiara ekarrita testuak ere argitara eman ziren, sarrera eta aurkezpenekin batera.

Euskara Munduan-Besteen ahotan dokumentala, 22:15ean ETB1en

Osteguneko Euskara Munduan-Besteen ahotan dokumentalean, kamera eskuetan hartu eta mundu zabaleko hainbat herrialdetan (3 kontinentetan) egon da Iñigo Asensio, sortzez hain urrutikoak diren euskal hiztunak gure hizkuntza ikastera zerk bultzatu dituen jakiteko asmoz.

Euskara Munduan (2014) dokumentalaren bigarren eta azken atala da honakoa. Lehenengoa atzerrian bizi ziren euskal hiztunekin izan bazen, oraingoa jaiotzez atzerritarrak diren eta, aldi berean, euskaldun direnekin egon da.

Asensiok euskal kulturaren mugak hizkuntzaren bidez zabaltzeko aukera jasotzen du, euskalduntasuna eta gure errealitatea Euskal Herritik kanpo zabalduta. Protagonistek euskararen aurrean erakusten duten errespetua eta interesa, euskarak kultura berri bat ezagutzeko eman dien bidea erakusten du, protagonista bakoitzaren historia kontatuz.

Nafarroaren Garaia erreportajea, 23:30ean

Juan Kruz Lakasta kazetariak gidatutako erreportajea da Nafarroaren Garaia eta, hain juxtu, abenduaren 3an ospatzen den Nafarroaren eta Euskararen Eguna izango ditu ardatz. Nafar instituzioetan aldaketa historikoa gertatu zenetik lehen aldiz ospatuko da Foru Erkidegoaren Eguna abenduaren 3an.

Nafarroako gizartea bezain anitza da bertako paisaia. Horregatik, herrietan eta iritzietan barrena egin du Lakasta kazetariak bidaia. Autoz, trenez, Villavesaz edota bizikletaz. Postal ikusgarriak erakutsiko dizkie ikusleei kolore guztietako paraje eta pertsonekin. Besteak beste, honako hauek parte hartuko dute erreportajean: Uxue Barkos Nafarroako presidenteak, Floren Aoiz Iratzar fundazioko zuzendaria, Aingeru Epaltza idazleak, Cristina Altuna UPNko legebiltzarkideak eta Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko abeslariak.