Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

Zientzia eta teknologia

Berrikuntza digitalak automobilgintzan, aste honetan, 'Teknopolis'en

EITB

ETB1en eta ETB2n ematen den saioak teknologia digital berriek automobilgintzaren esparrura ekarri dituzten aurrerapenen bi adibide azalduko ditu.

Automobilgintzan aurrerapen handiak ekarri ditu mundu digitalak, bai ekoizpenean eta baita langileen trebakuntzan ere. Bi adibide esanguratsu ezagutuko ditu aste honetako 'Teknopolis' saioak.

Mercedes-Benzek Gasteizen duen fabrikan 135.000 ibilgailu ekoitzi ziren iaz. Ia 8.000 piezako puzzle bat bezalakoak dira, eta egunean halako 400 egitea erronka handia bada, pentsa karrozeria, kolore eta ekipamendu aukera guztiak ere kontuan izan behar direla horiek egiteko orduan. Konbinazioak ez dira infinituak, baina informatikaren laguntza barik ezinezkoa izango litzake hori guztia kudeatzea. Mondragon Unibertsitateak diseinatutako software batek egiten du hori posible: pieza bakoitza dagokion ibilgailuan jartzen dutela ziurtatzen die langileei.

Eta ibilgailuekin jarraituz, jokoetako teknologiak eskaintzen dituen aukerak formazioan erabiltzen hasi dira. Adibidez, Tknika LHri aplikatutako ikerketa eta berrikuntzako zentroari esker, Iurreta Lanbide Heziketako Automozioa Goi Mailako Heziketa Zikloan, ikasleek autoen elektrizitatea barneratzen dute. Tailerrean benetako auto baten aurrean jarri aurretik, ikasleek ordenagailuan konpondu behar dituzte zirkuitu elektriko baten matxurak.

'Teknopolis' larunbatean izango da ikusgai, 13:30ean, ETB1en, eta igandean, 10:25ean, ETB2n.

ETB2n.