cerrar buscador

18:52

eguraldia

Alerta gorria

Galiziatik sartu da 'Xynthia' ziklogenesia, Euskadirako bidean

Erredakzioa

140 km/h-ko haize-ufadak neurtu dira galiziar lurraldeetan. Gurean, aurreikuspenak "okerrenak" direla onartu du Herrizaingo Saileko sailburua Aresek.

29
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baieztatu duenez, Euskalmet Meteorologia Agentzia Euskalmet burutzen ari den depresioaren jarraipena kontuan hartuta, Galiziako kostaldetik sartu da ziklogenesi leherkorra. Ibilbide hori dela eta, "Euskadin aurreikusitako kalte-maila altuena" izango dugu, Herrizaingo Sailaren prentsa oharraren arabera. Depresioaren sarrera horrek aurreikusitako arriskua baieztatzen du: 120 km/h baino gehiagoko boladak hiriguneetan eta kostaldean, eta 140 km/h baino gehiagoko haize-boladak mendi inguruetan.

Euskalmeteko radarrak haize-ufaden lekuko izan dira. Azken orduetatik, haizea zakartu da. Bizkaian, esaterako, Cerrojako radarrak 140 km/h-ko abiadura neurtu du. Gipuzkoako Jaizkibelen ere 124 kilometro orduko haize-boladak izan dira. Arabako Navarrete zonaldean, bestalde, 97 km/h. Haizearen indarra gogortuz joan da, ziklogenesiaren etorreraren zantzu dena.

Ordu hauetan Galizia gainean dago. Ourensen 140 km/h-ko haize-ufada izan dituzte. Ordurarteko haize zakarrena La Palmako kanariar irlan neurtu dute (190 km/h-ko abiadura).

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko sailburua Rodolfo Aresek azaldu duenaren arabera, Euskadirako aurreikuspenak "okerrenak" dira. "Zantzu guztien arabera, Finisterretik sartuko da ziklogenesia", azaldu du Aresek Radio Euskadin, "hori dela eta, alertarik handienetarikorako deialdia egiten dugu". Berriro ere, "etxetik ez irtetzeko" gomendioa luzatu die biztanleei.

Ziklogenesi leherkorraren okerrena gaurko 18:00etatik helduko da. Une horretan, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak haizeak eragindako alerta gorria ezarriko du; izan ere, boladek 140 km/h-ko abiadura gaindi lezakete mendi inguruetan eta kostaldean, eta 120 km/h-koa gure herrietako eta hirietako kaleetan. Alerta gorria igandeko 4:00etara egongo da indarrean, eta 3 orduz maila laranjan egongo da. Gero, igandeko 7:00etatik 13:00etara, horia izango da alertaren maila, eta 13:00etatik aurrera hasiko da atzean geratzen ziklogenesi leherkor hau.

Oraingoz, Herrizaingo Sailak 13:00etan ezarriko du lehen alerta, maila horikoa, gaur; une horretatik aurrera, haizeak 100 km/h-ko abiadura gaindi lezake haizeguneetan, eta 80-100 km/h-ko ufadak jaso litezke gainerakoan. Hori, dena dela, hasiera baino ez da izango; 16:00etatik aurrera, 120-140 km/h bitarteko boladak jasoko dituzte kostaldeko eta, batez ere, mendi inguruetako estazioek; haizeguneetan ez dauden estazioek, aldiz, 100-120 km/h bitartekoak jasoko dituzte. 19:00etatik aurrera, haizea arriskuko egoera honetarako iragarrita dauden abiadurarik handienak hasiko da harrapatzen: 140 km/h baino gehiago kostaldean, eta, aukera handiagoarekin, mendi inguruetan. 120 km/h inguru harrapa litzakete ufadek Euskal Autonomia Erkidegoko edozein puntutan.

Dena dela, gaurkoa bezalako ziklogenesi leherkorrek, oso arin mugitzen diren depresioek, bilakaera desberdin bat izaten dute euren garapenaren eta sakontasunaren arabera. Horren ondorioz, baliteke aldaketaren bat izatea, orduak aurrera joan ahala, haizeak izan litzakeen eraginaren kalkuluan.

Euskadiko Babes Zibilaren Plana indarrean dago ostiral arratsaldetik, eta zenbait neurri hartu dituzte ziklogenesi leherkor honen ondorioak ahalik eta txikienak izateko asmoarekin.

Iruzkinak