cerrar buscador

Erabiltzaileek elkartasuna adierazi dute sare sozialetan EITB Maratoiarekin

EiTB MARATOIA

11:38

#EitbMaratoia

Azken txanpa

Bertso kate luzeena lortu nahi du EITB Maratoiak

EITB

Azken txanpan sartu da EITB Maratoia eta gaurtik aurrera erabilgarri dago 902542525 telefono zenbakia, gaixotasunaren ikerketari bideratuko diren ekarpenak egiteko.

1:19
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

COVID-19a izan da 2020ko EITB Maratoiak aukeratu duen kausa, eta azken txanpan sartuta dago jada. Beste behin ere, EITBk eskura dituen baliabide guztiak jarriko ditu elkartasuna bultzatzeko eta arlo horrekin zerikusia duen ikerketetan laguntzeko. Abenduaren 17ra arte, taldeko komunikabide guztiak (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Musika eta eitb.eus) buru-belarri arituko dira kanpaina horretarako lanean. Horri lotuta, bertso kate luzeena lortu nahi du aurten EITB Maratoiak, eta gizartea aktiboki ari da bertso katea ekimenean parte hartzen. 160 dira jada EITB Maratoia webgunean argitaratu diren bideoak, eta web erremintaren bidez gaur arte 700 bertso kate inguru baino gehiago sortu ditugu. Hala, 800 bertsolarik hartu dute parte online ekimenean, eta guztion artean era guztietako 690 katetik gora sortzea lortu dugu.

Ekimenaren azken fasearen aurkezpena asteazken honetan, abenduaren 2an, egin da EITBren Bilboko egoitzan. Bertan izan dira Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia, Maria Aguirre Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Zuzendaria eta Itziar Vergara Gipuzkoako ESIen Ikerketa Unitateko arduraduna.

Aurkezpenean, Osasun sailburuak azaldu du euskal osasun sistema publikoa oso aktiboa izan dela pandemia hasi zenetik, COVID-19arekin zerikusia duten azterlanen parte-hartzeari eta abiarazteari dagokionez. Sargarduiren arabera, 90 ikerketa ekimen baino gehiago garatzen ari dira hilabete hauetan; eta horretarako, Euskadik 3.900 gaixoren 30.000 lagin ditu. Era berean, marka hori euskal erakundeek urteetan zehar egindako apustuari esker izan dela azpimarratu du. Sagarduik laguntza eskatu dio euskal gizarteari EITB Maratoiaren bidez ikerketa bultzatzen jarraitzeko.

"Aurten denok gara kausa, behin eta berriro errepikatzen dugu. Koronabirusak denoi eragin digu, eta EITB Maratoitik mezu hori zabaldu nahi dugu. EITB taldeko hedabide guztiez baliatuko gara ekimenaren ardatza bultzatzeko", azaldu du Andoni Aldekoak, EITBko zuzendari nagusiak.

Sentsibilizazio kanpaina eta EITB Maratoia 2020aren egun handia

Datozen egunetan, EITBko albistegi eta irrati zein telebistako hainbat saiok gaixotasuna pairatu duten pertsonen, familiartekoen, medikuen eta profesionalen testigantzak jasoko dituzte, kausa horren tamaina azaltzeko.

Abenduaren 17an, egun guztian zehar, euskal gizarteko hainbat esparrutako ehundik gora aurpegi ezagun 902542525 zenbakiaren dei-gunean izango dira. Zenbaki hori gaurtik aurrera, abenduak 2, erabilgarri egongo da dohaintzak egiteko. Halaber, ekarpenak online bidez ere egin daitezke EITB Maratoiaren web orrialdearen bitartez eitb.eus-en.

Bestalde, EITB Maratoiaren egun handiari amaiera jartze aldera, bi zuzeneko saio berezi izango dira. Alde batetik, Arantza Ruizek, Itziar Alduntzinek eta Odei Esnaolak ETB2n aurkeztutako "Qué Me Estás Contando"saioa, prime timean; eta bestalde Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak ETB1en gidatutako "Biba Zuek!" saioan, hau ere gauez.

Bertso katea ekimenak, momentuz, 800 bertsolariren 700 bertso inguru eta 160 bideo batzen ditu

Gizartea aktiboki ari da bertso katea ekimenean parte hartzen. Kateak Maddalen Arzallusek, Sebastian Lizasok, Oihana Iguaranek, Xabier Euzkitzek, Onintza Enbeitak eta Aitor Mendiluzek osatutako bertsoekin ekin zion ibilbideari. Haietako bakoitzari sentimendu bati buruz idaztea eskatu zitzaion, denbora honetan guztian bizi izan dugunarekin lotura zuen sentimendu bat. Hala, guztien artean gure sentimenduak islatzea xede zuen bertso bat osatu zuten. Hori guztia, bertsoa gizarte guztiari helaraztea ahalbidetuko zuen musika batez baliatuz egin zuten, Bob Marleyren "No woman, no cry".

160 dira jada EITB Maratoia webgunean argitaratu diren bideoak, eta web erremintaren bidez gaur arte 700 bertso kate baino gehiagio sortu ditugu. Hala, 800 bertsolarik hartu dute parte online ekimenean, eta guztion artean era guztietako 700 katetik gora sortzea lortu dugu.

Horrez gain, datorren abenduaren 12an ETBn "EITB Maratoia: Batzen gaituen bertsoa" saioa eskainiko da ETB1en, Andoni Egañak, Onintza Enbeitak, Alaia Martinek eta Sustrai Colinak parte hartu duten bertso-saio berezi bat. Illaski Serranok eta Julen Telleriak aurkeztuko dute, eta EITBko profesionalak izan dira gai-jartzaile lanetan aritu direnak.

Halaber, abenduaren 13an, goizez, EITB Maratoiaren aldeko bertso-saioak egingo dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen.


Hemen bideo-laburpen bat orain arte jaso ditugun bertso batzuekin:

COVID-19a

2019ko abenduan, birus berri bat identifikatu zen eta SARS-CoV-2 izena jarri zitzaion, Arnas Sindrome Akutu Larriaren Koronabirus-2 ingelesezko terminoaren siglengatik (Severe Acute Respiratory Syndrome).

Pandemiaren lehenengo zortzi hilabeteetan (2019ko abendutik 2020ko urrira), 48 milioi kasu erregistratu dira mundu osoan, eta milioitik gora izan dira hildakoak.

Koronabirusak animalien artean zabaltzen diren birusak izan ohi dira, baina horietako zenbaitek espezieen arteko mugak gainditu eta gizakiei ere eragiten diete. SARS-Cov-2aren kasuan, badirudi saguzarrak izaten direla koronabirusen ohiko maizterrak, eta maizter komun batetik igaro ostean, gizakiei eragin zien.

Orain arte, birusaren mutazio horiek gaixotasun larriagoak sortzeko bere gaitasunean aldaketak eragin dituela erakusten duen frogarik ez dago, baina badirudi bere transmisio gaitasuna handitu egin dela.

Birusa, sudur-faringeko traktutik, biriketako mukosara iristen da, eta hortik odol-uharrera igaro eta organismo osora hedatzen da; birusak gure organismoko hainbat zelulei eragiteko duen gaitasunak azaldu lezake, baina oraindik ezjakintasuna handia da.

Zalantzarik ez dago, SARS-Cov-2 birusak infektatutako gaixo sintomatikoek gaixotasuna zabaltzeko eta beste pertsona batzuk kutsatzeko gai direla. Pertsona asintomatikoen kontaketa oso zaila da.

Pandemia hau orain artekoetatik oso ezberdina da, agente patogeno berri batek eragiten baitu, eta horrenbestez gizakiok ez dugu birusagandik babestuko gaituen inmunitaterik. Gainera, birusaren transmisio gaitasuna oso altua da egungo baldintzak eta bizimodua ere oso ezberdinak direlako, eta horrek gaitzaren hedapena errazten du.

Proiektu eta ikerketa klinikoak

Euskal osasun-sistema publikoak jarrera oso aktiboa izan du pandemia hasi zenetik, eta COVID-19arekin zerikusia duten azterketak martxan jarri eta horietan parte hartu du, bere lau Ikerketa institutuen eskutik: Bioaraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuak eta Kronikgune - Osasun Zerbitzuen Ikerketa Institutua.

Osasun-sistemako profesionalek proiektuak zein azterketa klinikoak barnean hartzen dituzten 150 ideia baino gehiagotan aritu dira lanean, eta laguntza lehiakorren deialdien bidez zein erakunde pribatuekin egindako hitzarmenen bidez finantzaketa lortzeko ahalegina egin dute. Ideia horien artean (proiektu eta azterketa klinikoak), gaur egun, 80 baino gehiago garapenean daude, lehenengo faseetan batzuk eta fase aurreratuagoetan beste batzuk.

Koronabirusaren pandemiak mahai gainean jarri dituen erronkei aurre egin nahi diete proiektuek: prebentzio eta diagnostiko goiztiar, fidagarri eta azkarra; tratamendua; gaixotasunaren azterketa klinikoa; bere fase eta konplikazioak; SARS-COV-2 birusaren ezaugarri biologikoak; azterketa epidemiologikoak; eta osasun orokorrarekin eta gizartean daukan eraginekin loturiko azterketak.

Une honetan, tipologia hauekin loturik proiektuak daude: gehienak (proiektu guztien % 31) tratamendua du ardatz eta gai hauek jorratzen dituzte: merkatuan dauden antibiralen erabilera eta bakoitzaren eraginkortasuna, tratamendu berrien erabilera edo aireztapenaren erabilera berrien eraginkortasuna eta arnasgailu berrien garapena.

Kantitateari begiratuta, diagnostikoari buruzko proiektuak dira hurrengoak zerrendan, ikerketa guztien % 18a baitira. Garrantzia handiko esparrua da, diagnostikoa egiteko metodo azkar eta sentsible berrien beharra dela eta.

Gaixotasunaren ezaugarritze klinikoa da proiektu askoren helburua (proiektu guztien % 15a): fase desberdinak, pronostikoarekin loturiko faktoreak eta zerikusia duten konplikazio guztiak zehaztea.

Beste zenbait proiektutan (% 15a), azterketa epidemiologikoak dira gai nagusia. Eragina, sintoma klinikoak, erabilitako tratamenduak, arrisku-faktoreak eta gaixotasunaren bilakaera adin-taldeen eta herritar talde zehatzen arabera ebaluatzen dute, herritarrengan gaixotasunaren zabalpena prebenitzeko eta kontrolatzeko helburuz.

Prebentzioa da proiektuen beste aztergai bat, hain zuzen ere % 5ena. Maskara berrien fabrikazioari buruzko azterketak eta herritarren artean COVID-19aren prebentzioa eta jarraipena ahalbidetuko duten aplikazio berrien sorreraren inguruko lanak daude talde honetan.

Beste proiektu batzuk (guztien % 5a) pandemiak mundu osoko hainbat esparrutan izan duen eragina aztertzea dute helburu: itxialdiak adinekoen edo ikasleen osasunean, bizi-kalitatean eta kalitate sozialean izandako eraginak; gaixoengan izandako ondorioak; osasungintzako profesionalen esperientzia; edo osasun baliabideen, ospitaleen eta oinarrizko arretako zentroen erabileraren eragin ekonomikoa.

Biologia eta SARS-COV-2 birusaren portaera ardatz dituzten proiektuak % 4a dira. SARS-COV-2 birusaren filogenia aztertu nahi dute, bere leinua, zabalpen-bideak zeintzuk izan daitezkeen aztertzeko; horrez gain, hainbat gaixo motaren odoleko hanturen markagailuak zehazteko lanean ere ari dira.

Immunitatearekin loturiko aztergaiak ere ez dira falta, hain zuzen ere proiektuen % 4a. Sistema immuneak birusaren aurrean daukan erantzuna zein den, gaixotasunaren bilakaeran sistema immunearen zelula mota bakoitzaren papera zein den eta arriskuko profil immunologikoak zeintzuk diren zehazteko ahalegina egiten da.

Azkenik, proiektuen talde heterogeneo bat daukagu (guztien % 3a); bertan, beste mota bateko azterlanak daude: gaixoak artatzeko osasungintzako profesionalek jasotako trebakuntza edo azeleratze-plataformen sorreran osasun teknologia berrien garapena aztertzeko.

Euskal osasun sistema eta EITB Maratoia

Osasun-sistemaren eta EITBren artean lankidetza-esparru egonkorra mantentzeko asmoz, EITB Maratoiak, BIOEFek eta EITBk lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute 2020ko urriaren 7an, lau urte iraungo duena.

Horren arabera, EITB Maratoia ekimenaren helburua funtsak biltzea gaixotasun batean edo gaixotasun-talde batean ikerketa biomedikoa bultzatzea da, biztanleriaren osasuna hobetzeko funtsezko mekanismo gisa. Halaber, EITB Maratoiak gizartea informatu, sentsibilizatu eta kohesionatu nahi du, gaixotasunaren, gaixotasuna pairatzen duten pertsonen. Hala, haien banakako eta taldeko eraginaren eta ikerketaren garrantziaren inguruan, prebentzioan, diagnostikoan, tratamenduan eta osasun-zerbitzuen kudeaketaren eta antolaketaren hobekuntzan aurrera egitea bilatzen da.

Hainbat kolaborazio konpromiso hartu ditu osasun-sistemak EITB Maratoiaren baitan:

Sentsibilizazio-kanpainan laguntzea, aholkatzea eta osasun-sare osoko profesionalekin, bai Osakidetzako eta Osasun Saileko, zein osasun-ikerketatarako zentroetako (Bioaraba, Biocruces Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune) asistentzia-langileekin eta/edo zuzendariekin parte hartzea. Berrikuntza eta Ikerkuntza sanitariorako Euskal Fundazioa, (BIOEF), Osasun Sailaren tresna nagusia da ikerketa eta berrikuntza sanitarioa sustatzeko, eta, Ikerkuntza Sanitarioko Zentroen (Institutuak) buru korporatiboa den aldetik, osasun-sistemak EITB Maratoian duen parte-hartzea koordinatzeaz arduratzen da.

EITB Maratoiak sortzen dituen kanpo-kostuen zati bat ordaintzen laguntzea ere badu helburu.

Azkenik, BIOEFek ikerketa-proiektuetarako laguntzen deialdi publiko bat egitea eta kudeatzea, EITB Maratoia elkartasun-kanpainan lortutako funtsekin. 

Iruzkinak

    • Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.